Eskualdeko 8.800 ikasle, herri iraunkorragoak lortzeko lanean

Aiurri 2021ko eka. 18a, 16:14

Eskualdeko ikastetxeetako ikasleek, Eskola Agenda 2030 programarako proposamen ugari aurkeztu dizkiete udal ordezkariei. 

Ikasturte honetan estreinatu da Eskola Agenda 2030. Garapen Iraunkorrerako 17 Helbururen bidez (GIH), pertsonak, planeta eta oparotasuna babesten laguntzea helburu duen ekintza-plana jarri da martxan. Euskal Herrian beste helburu bat gehiago ere izan du: kultur eta hizkuntza aniztasuna sustatzea. 

Plangintza berria izanik, egokitzeko ikasturtea izan da, hortik jarri zaion izena: trantsizio-ikasturtea. Ikastetxe iraunkorra, herri iraunkorrean lelopean, eskualdeko ikastetxeak herria hobetzeko aukerak eta bideak aztertzen eta lantzen aritu dira: Aduna, Alegia, Anoeta, Asteasu, Berastegi, Ibarra, Irura, Tolosa, Villabona eta Zizurkilgo ikastetxeeek hartu dute parte Eskola Agenda 2030 programan, orotara 7.700 ikasle bilduz. 

Norbere herria ikuspuntu desberdinetatik aztertu ostean, lanaren emaitzak, hartu dituzten konpromisoak eta proposamenak udal bakoitzari aurkeztu dizkiete. Horietako kasu batzuetan, gainera, udaletxera joan eta zuzenen alkate eta udal ordezkariei. EA2030 proiektuaren bitartez, eskola-komunitateak bere udalerriaren  garapen jasangarrian eta herriko erabakietan parte hartzeko aukera izan du. 

Hauek izan dira herritar gazteenek hartu dituzten konpromiso batzuk.

  • Neurriak bete: musukoa jantzi, distantziak mantendu, eskuak garbitu…
  • Etxeko lanetan modu orekatuan parte hartu.
  • Baserritarrei beraien ohiturak zabaltzen lagundu.
  • Herriko dendetan erosi, beharrezkoa dena soilik.
  • Mugikorra puskatzean, berria erosi baino lehen, konpontzera eraman.

Eta hauek ikastetxeek udalari egindako proposamen batzuk:

  • Etxeko lanak berdintasunean banatzeko kanpainak egin.
  • Eskolaz kanpo, baserriko lanak erakustsi: ogia eta gazta egiten adibidez.
  • Herrian autokontsumorako baratza-gune gehiago sortu eta erabilera bultzatzeko tailerrak eman.
  • Bertako produktuak bultzatzeko kanpainak antolatu.
  • Bigarren eskuko produktuen saltokiak sustatu.
  • Ikastaroak antolatu, produktu ezberdinak (koadernoak, poltsak..) egiten ikasteko.
  • Baliabidez hornitutako tailer-gunea sortu herrian, herritarrek gauzak konpontzeko aukera izan dezaten.

Lanbide Heziketako beste 1.045 ikasle

Eskualdeko Lanbide Heziketako ikastetxeek ere euren arteko foroa egin dute Lehiberri Zentroan. Aurten 1.045 ikasle inguruk parte hartu du Eskola Agenda 2030 proiektuan, Don Bosco, Fraisoro Eskola, Tolosaldea LHI, Inmakulada Ikastola eta Peñascalen artean.

Baratza Eskolan proiektua landu dute aurten, eta ikastetxe bakoitzaren ikasketa alorrak kontutan izanik, baratzarekin zerikusia duen arloak landu dituzte. 

  • Don Bosco: "Baratzako produktuen hondakinak, plastikoa ordezkatzeko” Patataren azaletik ateratako almidoia erabiliz, plastiko biodegradagarria sortu dute.
  • Fraisoro Eskola: Baratzaren inguruan ekonomia zirkularra praktikan jarri dute
  • Inmakulada Ikastola: Baratzak osasunean dituen onurak aztertu dituzte, elikaduran eta erabilera terapeutikoan.
  • Tolosaldea LHI: Baratzako ekosistema bizia eta anitza izateko, urak duen garrantzia landu dute. Eskolako patioan sortutako urmela bizirik mantentzeko euri ura biltzeko sistema sortu dute.  
  • Peñascal: Baratza jarri dute eskolan eta helburu ezberdinak bete dituzte: natur baliabideen garrantzia ulertuz elikagaien ekoizpenerako eta bizimodu duin baterako, eta taldeko lana sustatu, besteak beste.

Hurrengo ikasturtera begira

Datorren ikasturtean, 15. Garapen Iraunkorreko Helburua ezagutuko da, Lurreko Ekosistemetako Bizitza, hain zuzen ere. Honen barnean, herri diagnostikoan, basoa izango da EA2030eko gaia.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!