Sarek uda honetarako antolatutako ekitaldiak

Aiurri 2021ko uzt. 19a, 09:00

Sare mugimendua lanean ari da euskal presoen eskubideen alde. Aste honetan Buruntzaldeko ordezkariek agerraldia egin zuten Lasarte-Orian, gaixorik dauden presoen egoera salatzeko eta mobilizazio berriak iragartzeko.

Eskualdeko agerraldia egin zuen Sarek, Lasarte-Oriako anbulatorioaren parean. Larriki gaixo dauden hemeretzi euskal presoak izan zituzten gogoan. Eta, horrez gain, datozen asteetako hitzorduen berri eman dute. Bereziki bi nabarmendu zituzten: hilabete amaierako Bizikleta Itzulia, eta abuztuaren 21ean Donostian egingo den manifestazioa.

Sortu zenetik, Sare lanean ari da euskal presoen eskubideen alde. Lasarte-Oriako anbulatorioaren parean elkartu ziren eta tokia ez zuten ausaz aukeratu. Larriki gaixo dauden euskal presoen egoera ekarri zuten gogora, Ibon Fernandez Iradi lasarte-oriatarrarena eta Garikoitz Arruarte hernaniarrarena bereziki: esklerosi anizkoitza, eta aldebiko ubeitis akutua eta espondiolartropatia dituzte, hurrenez hurren, duela bederatzi eta hamasei urtetik. Donetz Iradi osasun-langileak aipatu zuenez, "arreta multidiziplinarra jaso behar dute biek, iraunkorra, eta zenbait adituk parte hartu behar dute bertan: fisioterapeutek, neurologoek, erreumatologoek... Gaixotasun horiek degeneratiboak dira, hobera ez dute egiten, eta behar bezala tratatuak izateko, espetxetik atera behar dute".

Abuztuan manifestazioa

Hilaren 21ean, larunbatarekin, "ManiFESTAzioa" izeneko ekimena gauzatuko du Sarek, Donostian.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!