"Sagardogintzaren sektorean ilusioa antzematen da"

Irune Alfonso 2021ko ira. 9a, 10:29

Amaia Zubeldia Arratibel Sagardoa Routeko kidea da, zehazki, sagardogintzako sektorean turismo teknikaria: "Bertako sagarraren alde, bertako produktuaren alde egitea da nire lana, eta horretaz gain, turistikoki balorean jartzea".

Zein da aurtengo uztaren balorazioa?

Edozein sagastiri erreparauz gero bor-bor daude, sagar asko dagoelako. Hori da lehenengo balorazioa, sagar asko eta osasuntsua dagoela. Gutxi gora behera, datuetan sartuta kalkulatzen da 5 milioi kilo inguru sagar, bertako sagar bilduko dela aurten. Horrek esan nahi du, iaz baino hiru aldiz gehiago bilduko dela; orduan, kopuru aldetik, bertako sagar asko dago.

Nola aurreikusten da aurtengo sagardo denboraldia?

Egia esan ilusioarekin ari gara lanean, sektorea ilusioarekin ikusten da. Aurten ezin izan dugu txotxa egin, baina, sagardoa beste modu batera eraman dugu mahaira. Sagardotegietan jokoa egitea da gauza; jendeari aukera eman momentuko sagardoa, uztako sagardoa probatzeko, eta gero, botilan ere aurreko urteko sagardo hori dastatzeko aukera ere eman. Jendea nahiko kontentu gelditu da, eta gure asmoa martxa horretan jarraitzea da. Gero, pandemiak aukera ematen duen momentuan, txotx-arekin hastea sagardoa hori dastatzen, batez ere, gustatzen delako eta tradizioari heltzeko.

Turismoari begira nola joan da uda?

Oso oparoa izan da. Uste genuena baino bisitari gehiago etorri da sagardotegietara, eta gainera, bisitari horiek geroz eta gehiago eskatzen dute ekintza bereziak egitea, hau da; dastaketak, bisita gidatuak sagardogile diren familiak ezagutuz, baserriak ezagutuz, Urumea errekan zehar kanoarekin lotutako aktibitateren bat egin sagardoaren garrantziaz hitz egiten eta ondoren sagardotegira bazkaltzera joan… Horregatik, ikusten ari garena da bertako bezeroaz gain, eta txotx garaiaz gain, urte osoan ere aukera polita ari dela irekitzen sagardogientzat beste bezero mota batekin.

 

Unai Agirre, Euskal Sagardoako koordinatzailea: "Hogeita lau sagar barietate erabiltzen dira gehienbat".

"Bi sagar mota ekarri ditugu hona. Hala ere, 24 sagar  mota dira nagusiki euskal sagardoan ditugunak, guztira, 115 dira, baina, 24 hauek dira nagusiki erabiltzen direnak. Bataz beste  oraindik berdeantza daude eta heldutasun puntua hemendik 15 egunetara edo hiru astera izango da. Sagar mota desberdinak desberdin heltzen dira; batzuk oraintxe heltzen ari direnak dira, beste batzuk, esan bezala, hemendik aste batzuetara helduko dira, eta besteak urri erditik aurrera. Gaur sagar geza, eta bestea, gazia edo garratza dastatzeko aukera izango dugu".

 

Bi sagar dastatzeko aukera izan zen, zentzumenekin jolas eginez: Aritza sagarra eta Geza-miña:

Euskal Sagardoa Jatorri Deiturak 115 sagar mota ditu onartuak eta hauetako 24 dira gehien erabiltzen direnak, gezak eta garratzak (gaziak). Horien nahasketa egokiak emango dizkio sagardoari bere ezaugarriak eta sagardotegi bakoitzak bilatzen du bere gustuko nahasketa eta sagardoa. Hauek dira Euskal Sagardoan erabiltzen diren 24 sagar mota nagusiak:

Garratzak-gaziak:

Errezila.

Goikoetxe.

Urtebihaundi.

Frantzes.

Bost kantoi.

Haritza.

Azpeiti sagarra.

Manttoni.

Ibarra.

Gezak:

Gezamiña.

Urdin.

Mozoloa.

Patzuloa.

Mikatza.

Udare marroi.

Txorisagarra.

Gazi-gezak:

Moko.

Limoi.

Merabi.

Mokote.

Urtebete.

Urtebitxiki.

Saltxipi.

Pauso handiak eman dira azken urteetan kalitatearen alde eta baita geroz eta bertako sagar gehiago izatearen alde ere. Izan ere, sektoreak eta administrazioak helburu bat garbi zehaztu zuten Euskal Sagardoa Jatorri Deituraren sorreran: 15 urteren buruan %100 bertako sagar hutsez egitea hemengo sagardo guztia; hau da, Euskal Sagardoa seilupekoa izatea ekoiztuko den guztia.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!