Baserritarrak: 24, 7, 365

Mikel Arberas 2021ko ira. 19a, 09:00

Azken asteetan baserritarrek zer esana eman dute, burutu dituzten protestak medio; produktuen salneurri eskasa eta, ondorioz, jasotzen dituzten etekin murritzek lehen sektoreko abeltzainak eztandarazi ditu.

Uda eta oporraldiak amaitzearekin batera ikasturte berria agurtu beharra dago. Berriro ere lanari eta ikasketei ekiteko prest daude milaka eta milaka herritar. Oporraldiak deskantsurako eta deskonektatzeko erabili ohi dira; baina nork hitz egiten du udan ere lanean diharduten langileez? Esaterako, baserritarrak, abeltzainak eta nekazariak ikusezinak bilakatzen dira sarritan.

Abuztuaren 25ean Esne Martxa delakoa egin zen eskualdean, elikagaien prezioa eta balorea aldarrikatzeko, eta euren egoera zaila salatzeko. Herritar ugari ez dira jakitun kontsumitzen diren produktuak urte osoko lanaren fruitu direla; izenburuan ageri den bezala, goizean hasi eta gauean amaitzen dena, asteko zazpi egunetan eta urte osoan landu behar da. Azpi-sektorearen arabera, lanaldiak ezberdinak izan daitezke, baina lanaldiak gogorrak eta luzeak dira, ezin uka daiteke.

Baserrian lan egiten duenak goizean goiz esnatu behar du, egiten duen antolamenduaren arabera 05:30 eta 06:30 bitarte; eta gauean amaituko du laneguna, agian gaueko 22:00tan. Noski ,ez da gauza bera esne behien zaintza ala ardiena; behar bada, batak besteak baina apur bat lan handiagoa eskatzen du. Dena den, 10 orduko lan jardunaldia egitera ailegatu daitezke, gehiengoa lan fisikoa dela kontuan edukita. Gainera, behiak eta ardiak animaliak dira eta baserritarren bizibide, gauzak horrela, urte osoko lana eskatzen du, ezinbestekoa baita horiek ondo zaintzea: janaria eman, erditzeetan lagundu, identifikazio lanak egin edota gaixotasunak ekidin behar dituzte. Laburbilduz, ondo zaindutako animaliek produktu ona bermatzen dute, baina horrek lan izugarria eskatzen du, askotan diruz ondo ordaindua ez dagoena.

Alderdi ekonomikoari dagokionez, baserritarrek buruhauste ugari edukitzen dituzte. Testuinguruan jartzeko, abereak bi modutara elikatu daitezke: batetik, etxeko burujabetza bilatuta, hau da, lur sailetako belazeak baliatzen dituzte; bestetik, produkzioa bilatu nahi dutenak daude eta, horretarako, pentsuaz elikatzen dituzte abereak. Baserritarren esanetan, elikatzeko moduen arteko aldea handia da; pentsuak produkziorako bultzada askoz ere handiagoa ematen du, baina, era berean, garestiagoa da.

Datuetan murgilduta, bataz beste tonelada bat pentsuk 325 euro balio du, iaz baino askoz gehiago. Hau da, pentsuaren prezioa %11tik gora igo da urtebetean. Hilabetearen arabera, portzentaia handitu egin daiteke. Gainera, azpimarratu beharra dago, 600-700 kilogramoko esne behi batek 23-26 kg materia-lehor jan dezakeela –pentsua eta belarra nahastuta egin daiteke–. Hortaz, demagun behiek egunero 10 kg pentsu jaten dutela
–belarrarekin nahastuta–; bada hilabetean 9.100 eurotik gora gastatu beharko lukete baserritarrek. Kontuan edukita pentsuaren prezioa, arestian azaldu bezala, aldakorra dela. Guzti horri, ohiko gastu guztiak gehitu behar zaizkio; hala nola argia, ura, zaintzarako tresnak edo erregaia. ENBA sindikatuko lehendakaria den Iñaki Goenagak argi esan zuen, “badira dirua galtzen duten baserritarrak, kostuak handiagoak direlako jasotzen dituzten irabaziak baino”. Agian, neurri txikiagoan, baina antzerakoa jazotzen da ardiekin ere.

Konplexua da baserritarren lana, lehen aipatutako guztiaz gain, denbora libre gutxi dutelako. Egunero egin behar dute lana eta ekoitzitako produktuaren arabera, eguneko jardunaldia oso luzea izan daiteke. Zera esan nahi da, baserritarrak ekoitzitako lehenagaia produktu propioa egiteko erabil dezakete, esaterako, gazta; hauek memento batzuetan 16 orduko jardunaldiak egitera irits daitezke. Beste aukera bat, lehengaia saldu eta produktua enpresa batek egitea izan liteke. Hemen ere dikotomia batean sartzen da baserritarra, hau da, etekin handiagoa lortu dezakete lan ordu gehiago eginez, ala diru gutxiago jaso produktua beste batzuek ekoiztearren.

Baserritarrek, abeltzainek eta nekazariek lan handia egiten dute bertako produktua ekoitzi eta herriratzeko; era berean, jasotzen duten etekin ekonomikoa murritza da, jakinda batzuetan dirua galtzen dutela. Gainera, empresa handiek prezioen konpententzia baliatzen dute horiei gutxiengoa ordaintzeko. Horregatik, supermerkatuetako esnearen gutxieneko salneurria 10 zentimo handitzea eskatu dute, galera ekonomikoak ez pairatzeko. Aipatutako guztiagatik, azken hilabeteetan hainbat elkarretaratze, protesta eta agerraldi egin dituzte.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!