Histamina bidezko intoxikazioa Andoaingo eta Urnietako jantokietan

Aiurri 2021ko urr. 22a, 07:40

Nazio mailako hedabideek bart iluntzean zabaldu zuten oharraren arabera, Gipuzkoako hainbat ikastetxetan banatu den elikagai batek histamina bidezko intoxikazioa eragin du. Andoaingo Ondarreta ikastetxea eta Urnietako Egape ikastola tartean daude, bertara atzo zabaldu baitzuten atunaz eta tomatez osaturiko plater hori.

Dirudienez, Beterri-Buruntzako beste udalerri batzuetara ere zabaldu da intoxikazio hori.

Antza, eguneko menuko bigarren plater hori histaminaz kutsatuta zegoen eta horrek alergia modukoa eragin zuen. Ia gehienetan intoxikazioak kalte arinak eragin ditu. Osasun Sailak ikerketa abiarazi zuen ordu gutxira, eta gaur ere azterlanekin jarraituko dute. Kasu batzuetan plater hori eskaini zieten haurrei, eta beste kasu batzuetan bigarren platerik ez zuten eskaini ordurako zabaldu baitzen intoxikazioaren alerta. 2017an antzeko agerraldia izan zen eta orduko hartan ETBn horrela azaldu zuten zer den histamina bidezko intoxikazioa: “Batez ere, arrainetan sortzen da histamina. Scombridae familiako arraietan sortzen da gehienbat, eta hori dela eta,  'Scombridae toxikazioa' deitu ohi zaio amina mota honek eragindako alergiei: atuna eta berdela dira kaltetuenak. Histamina dosi altua kontsumitzeak toxikazio arinak eta alergiak eragin ditzake: hipertentsioa, buruko mina, beherakoa edo aurpegiko azala gorritzea dira sintometako batzuk. Batzuetan,  histamina kontsumitu eta berehala agertzen dira zantzu horietako batzuk, baina hiru ordura ere ager daitezke”. 

 

Ondarretako ikastetxearen oharra

Ondarreta ikastetxeko zuzendaritzak jakinarazi duenez, platera bost ikaslek bakarrik probatu zuten atzo haur hezkuntzako eta lehen hezkuntzako jangeletan, eta 12:50etan abixua jaso bezain pronto platera baztertu egin zuten, eta haur horien gurasoei gertaeraren berri eman zien; alergia-erreakziorik ez da gertatu ikasle horien artean. Aldi berean, ikastetxeak Ausolan catering zerbitzuari argibideak eskatu zizkion.

Ikastetxeko zuzendaritzak ikasleen gurasoei idatzia helarazi die gaur, Ausolan enpresaren erantzuna jaso ostean. Ausolan-ek esandakoaren arabera, elikagaiak (atuna tomatearekin) histamina zuen susmoa zabaldu zenean, platera ez zerbitzatzeko erabakia hartu zuen. Horretarako, ikastetxeari erabakia telefonoz jakinarazi zion, jangelako arduradunak platera bazter zezan. Ausolanek Ondarretako zuzendaritzari ere adierazi dio ikertzen ari dela atun lote jakin batek sortutako zorigaitzeko gertaera, eta emaitza komunikatu baten bidez helaraziko diola.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!