Euskal presoen eskubideak aldarrikatzeko manifestazioa, abenduaren 31n

Aiurri 2021ko abe. 27a, 17:59

Euskal presoen eskubideak aldarrikatzeko manifestazioa deitu dute Aduna, Alkiza, Amasa-Villabona, Asteasu eta Zizurkilgo Udalek. Arratsaldeko 19:00etan abiatuko da manifestazioa Zizurkilgo Joxe Arregi plazatik, eta Villabonako errebote plazan emango zaio amaiera

Euskal presoen eskubideak errespetatu salbuespen legedia indargabetu lelopean, manifestazioa egingo da abenduaren 31n, Zizurkil eta Villabona artean.

Aiztondo bailarako bost udalek luzatu dute manifestaziorako deia, giza eskubideak, elkarbizitza eta bakea aldarrikatuz. Parte hartzeko deia luzatu diete herritarrei.

Manifestazio isilerako deia eginez, hiru puntu nabarmendu dituzte Aiztondo bailarako udal ordezkariek. Lehenik, "euskal presoei aplikatzen zaizkien salbuespenezko kartzela neurriekin amaitzea eta legedia arrunta aplikatzea", eskatzen dute."Gaixotasun larri edota sendaezinak dituzten presoen kaleratzea"-ren premia ere azpimarratzen dute eta "gaixotasun sendaezinak dituzten presoek espetxetik irten eta etxetik hurbil dagoen erietxe batean artatuak izateko eskubide osoa dute", aldarrikatzen dute. Azkenik, "70 urtetik gora dituzten presoak kaleratzea" ere eskatzen dute.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!