Korrika 2022

"Korrikaren alde modu askotara lagundu edo parte hartu dezakete herritarrek"

Irune Alfonso 2022ko urt. 21a, 08:00
Ane Aranburu

Ane Aranburu Aiztondo aldeko Korrika batzordeko arduraduna da.

Zein izango da aurtengo Korrikaren leloa? 

22. korrika izango da aurtengoa, eta Hitzekin izango da leloa. Hitzetatik ekintzetara igarotzeko unea adierazi nahi du. Euskaraz hitz egiteari ekiteko deia zabaldu nahi du Hitz eta Ekin hitzak batuz. 

Omenduak Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak izango dira. 34 urteko ibilbidea egin dute, euskaraz. Orainaldiari eta etorkizunari begira dauden eragileak dira; 1987an ekin zioten euskaraz eta euskararekin lanean, haiei esker askok ekin diogu, eta datozen belaunaldiek ere ekingo diote.

Herritarrek nola har dezakete parte?

Modu askotara lagundu edo parte hartu dezakete herritarrek. Alde batetik, antolaketan eta batzordeetan parte hartuz, baita Korrikaren berri emanez eta honen ospea hedatuz ere (sare sozialetan, ekimenetan...).

Horrez gain, Korrika egitasmoa diruz laguntzeko lau modu daude: 

  1. Korrika Laguntzaile egin eta 22.  korrikako materiala erosten.
  2. Korrikalarien petoa edo bizkarrekoa erosi.
  3. Kontu korronte bidezko ekarpena eginda (aek.eus helbidean dago eskura).
  4. Lekukoa eramanez eta horretarako ekarpena eginez. 

Enpresa eta saltegiek ere lagundu dezakete. Eta amaitzeko, nola ez, Korrika pasatzen den unean lasterketara batuz. 

Zer da Korrika laguntzaile izatea?

AEKri egiten zaion diru ekarpena da. Zehazki, 12 euroko laguntza ematen da. Trukean, aurtengo Korrikaren pina eta buletina jasotzen da, eta eskualdeko eta Euskal Herriko hainbat saltokitan izaten diren eskaintzez eta deskontuez gozatzeko aukera dago. 

Korrikaren materiala non eskuratu daiteke?

Arropa lortzeko hainbat modu daude. Andoaingo Euskaltegian (Plazaola kalea 2, behea) denda zabalik dago 09:00etatik 18:30etara, astehelenetik ostiralera. Online denda ere badago, eta Donostian ere badago (Esterlines, 5) ostegun eta ostiraletan, 17:00-20:00 eta larunbatetan, 10:30-13:30 eta 17:00-20:00. Horrez gain, denda ibiltaria ere martxan izango da herri ezberdinetan ekintzak daudenean.

Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!