Federazio guztien adierazpen bateratua, Eskola-Kirola aferari buruz

Aiurri 2022ko urt. 20a, 10:49

"Ulergaitza da Eskola-Kirolean eragitea", diote. Gainera, "behin baino gehiagotan gertatu den bezala, horrelako neurriak hartu dituen autonomia erkidego bakarra da".

"Eusko Jaurlaritzak Eskola-Kiroleko lehiaketak bertan behera uzteko eskatu eta hiru foru aldundiek hala erabaki dutenez, Gipuzkoako kirol federazioek adierazten dute ez daudela guztiz ados neurri horrekin; izan ere, berriz gazteenen kirol jarduerari eragiten dio eta era guztietako ondorio negatiboak dakartza.

Pandemia lazgarri honetan zehar, kirol afizionatuak gizarteak berarengandik espero duena ematen jakin du, osasun agintarien gomendioak betetzeko orduan atsedenik gabe lan eginez, protokoloak martxan jarriz oraindik erakundeek argitaratu ez dituztenean, bere jabetzakoak ez diren instalazioen segurtasunean inbertituz, eta gazteak pandemiari aurre egiteko arauak zorrotz betetzeko beharraz kontzientziatuz. Jarrera arduratsu eta solidario horri esker kirol jarduera giro seguruan garatu ahal izan dugu, eta milaka kirolari dira, federatuak zein eskola mailakoak, joan den irailaz geroztik kirolaz gozatzen daramatenak, inolako ondorio negatiborik antzeman gabe.

Ulergaitza da Eskola-Kirolean eragitea; gainera, behin baino gehiagotan gertatu den bezala, horrelako neurriak hartu dituen autonomia erkidego bakarra da.

Gipuzkoako gizartean kirola egitea funtsezko jarduera da, batez ere, adin goiztiarretan. Funtsezkotzat hartu beharrean, ordea, Eskola-Kirola ia urte eta erdiz geldirik egon zen, eta horrek haur askok kirola alde batera uztea ekarri du. Ohitura osasungarrienetako bat zigortzen den bitartean, baimenduta daude pilaketak eragin ditzaketen beste jarduera batzuk. Horregatik guztiagatik, Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu neurri hori atzera botatzeko eta aste honetan bertan eskola lehiaketarekin jarraitzeko aukera emateko: izan ere, aditu askok aurreko egunetan adierazi duten bezala, bertan behera uztea ez da inolako ebidentzia zientifikotan oinarritzen eta ez du inolako onurarik osasun egoera hobetzeko.

Donostia, 2022ko urtarrilaren 7a".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!