Udalaren dirulaguntza berria herriko ostalaritzari, urtarrilean itxita egondako egunengatik

Erabiltzailearen aurpegia Amasa-Villabonako Udala 2021ko ots. 1a, 14:53

Amasa-Villabonako Udalak herriko ostalaritzari bideratutako dirulaguntza berri bat onartu du, Covid-19ari aurre egiteko prebentzio neurrien ondorioz sektoreak bizi duen egoera larria gainditzen laguntzeko helburuarekin.

Honakoa, herriko ostalariek jasoko duten hirugarren dirulaguntza zuzena izango da eta gogoan eduki behar da udalak hilabeteak daramatzala (terrazen tasaren kasuan 2020ko martxoitik ez da kobratu) establezimendu hauei zerga eta tasak murrizten edo ezabatzen. Beraz, baiezta daiteke udalak ahalegin handia egin duela, gure herrian ezinbestekoa den eta herriko kaleei bizitasuna ematen dien sektore garrantzitsu honi aurrera egiten laguntzeko.

Dirulaguntza horrekin, Amasa-Villabona eremu gorrian egoteagatik taberna edo jatetxea itxita eduki behar izan den urtarrileko 17 egunen ondorioz sortutako kalteak arintzea lortu nahi du udalak.

8.556,63 euro banatu dira herriko 23 establezimenduen artean
Urtarrileko dirulaguntza berri hauen kopuruak, 2020ko azaroan emandako dirulaguntzetan ezarritako kopuruen arabera kalkulatu dira: establezimendua itxita egondako hilabete bakoitzeko 600 euroko alokairua ordaintzen dutenei hilean 200 euro gehiago (guztira 800€) eta okindegi-kafetegiei hilean 300 euro.

Urtarrilean negozioa derrigor itxita eduki behar izan duten egun kopurua 17koa izanik, zati proportzionala kalkulatu da eta honakoak dira ostalariek jasoko dituzten kopuruak:

  • Establezimendu bakoitzak: 340 euro.
  • Alokairua ordaintzen dutenek: 453,33 euro.
  • Okindegi-kafetegiek: 170 euro.
  • Alokairua ordaintzen duten okindegi-kafetegiek: 283,33 euro.

Amasa-Villabonako 11 establezimenduk jasoko dute lehen kontzeptuko dirulaguntza (340€), bigarren kopurua (453,33€) beste 9 establezimenduk, hirugarrena (170€) establezimendu batek eta laugarrena (283,33€) beste bi establezimenduk. Horrela banatu dira udalak dirulaguntza hauetara bideratu dituen 8.556,63 euroak.

Ordainketa ofizioz egingo da, otsailaren 2an
Herriko ostalariei lan gehiagorik ez jartzeko eta dirulaguntza jasotzeko prozedura errazteko, udalak zuzenean diru transferentziak egingo ditu astearte honetan ostalarien kontu korronteetara. Horrela, ostalariek ez dute berriro ere udalean dokumentazioa aurkeztu beharko.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!