Asfaltatze lanak Larrea auzoan, gaurtik aurrera

Erabiltzailearen aurpegia Amasa-Villabonako Udala 2021ko mar. 22a, 08:17
Larrea auzoaren barrualdetik doan errepidearen egoera tamalgarria da; errepide bazterrak puskatuak, asfaltoan zulo handiak, marrak gaizki margotuta, espaloiak egoera txarrean etab.
Ondorioz, Amasa-Villabonako udalak errepide hori konpondu, txukundu eta asfaltatzeko erabakia hartu zuen 2020ko abenduan eta lanak hasi aurreko prozesua (azterketa teknikoak, kontratazio espedientea...) amaituta, lanak gaur bertan hasiko dira.
Obra 3 fasetan
Lan hauek 3 fase ezberdin izango dituzte: Lehen egunetan errepide bazterreko kunetak konponduko dira, ondoren asfaltatze lanak egingo dira eta azkenik errepideko marra berriak margotuko dira.
Errepidea ez da bere osotasunean asfaltatuko, hainbat zati egoera onean daudelako eta zati horiek ez dutelako konponketarik behar. Baina esan daiteke auzoa zeharkatzen duen errepidearen bi heren konponduko direla, zati hauek baitira egoera txarrean daudenak.
 
 
Kudeatzeko zaila den eremua
Larrea auzoa oso auzo jendetsua da (biztanle gehien dituen herriko auzoa da) eta lanak egingo diren errepidearen inguruak aparkaleku asko eta hainbat garajeetarako sarrera-irteerak daude. Honek bereziki zaila eta katramilatsua egiten du obra honen kudeaketa eta udala koziente da bertako bizilagunei hainbat arazo sortuko dizkiela.
 
Udalak Bando berezi bat argitaratu eta itsatsi du auzoko atari guztietan eta Udaltzaingoak plan berezi bat garatu du, lanak aurrera doazen heinean, abisu eta jakinarazpen berriak egingo direlarik.
 
Udalak pazientzia eskatu nahi die auzotarrei eta momentu bakoitzean obra egingo duen enpresak eta Udaltzaingoak emango dituzten argibideak errespetatzeko deia egiten du. Obra guztiek bezalaxe, honek ere eragozpenak sortuko ditu, baina amaitutakoan auzoko errepidea askoz txukunagoa geratuko da eta hori onuragarria izango da guztientzat. Udaletik obra honen bueltan sortu daitezkeen traba edo eragozpenak barkatzea eta ulerkorra izatea eskatzen dugu.
 
DATU NAGUSIAK
 
Iraupena:
Lan hauek 3 aste inguruko iraupena izango dute (eguraldiaren arabera iraupena aldatu daiteke).
 
Lanen ordutegia:
Goizeko 08:00etatik arratsaldeko 18:00ak arte.
 
Kontratatutako enpresak eta aurrekontuak:
  • Larrea 18 eta 11B zenbakien arteko errepidearen konponketa: Excavaciones EKIN S.L enpresa. Aurrekontua: 34.669,65 euro BEZ barne.
  • Oriamendi eta Larrea auzoen artean dagoen errepidearen konponketa eta Larrea 10 eta 11 zenbakien inguruan dagoen espaloi baten konponketa: Asfaltos Urretxu S.A enpresa. Aurrekontua: 17.087,26 euro BEZ barne.
  • Obrak amaitu ondoren egin behar diren margoketak: Paskin seinalizazioak S.L enpresa. Aurrekontua: 2.549,41 euro BEZ barne.
Ondorioz, obra osoak guztira 54.306,32 euroko aurrekontua du.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!