Bueltan da Landalab proiektua Amasan

Erabiltzailearen aurpegia Amasa-Villabonako Udala 2021ko eka. 15a, 11:58
Udalak herriko adinekoen arreta indartzen jarraitzen du, eta, horretarako, Landalab proiektua jarri du berriro ere martxan, bakarrik dauden adinekoak hauteman eta babesteko.
Proiektu hau 2018an jarri zen abian, Agintzari S.Coop. enpresarekin lankidetzan. Urte horretan bertan, Udalak azterketa-diagnostiko baten gauzatzea bultzatu zuen; eta azterketa horren bidez, bakardadeak Amasako 65 urtetik gorakoengan duen eraginaren informazioa lortu zuen.
 
Azterlanak tresna teknologiko berriak eskaini zizkion Udaleko Gizarte Zerbitzuen sailari, batetik, egoera zaurgarrian dauden edadekoen informazioa eskuratu zuen, eta, bestetik, udalerriko baliabide formalak eta informalak aztertu zituen. Era berean, funtsezkoak diren eragileak ere identifikatu zituen, "Auzozainak", alegia. Gizarte-zerbitzuekin lankidetzan aritu daitezke eragile hauek, adinekoen zaurgarritasun egoerak ikusaraziz.
 
Behin azterlana amaituta, Amasako bizilagunei aurkeztu zitzaien, eta horrek, komunitate-zaintzaren garrantziaz, eta herritarren eta gizarte-baliabideen arteko lankidetzaz sentsibilizatzen eta jabetzen lagundu zuen, dinamika bateratuak sustatuz.
 
Landalaben bigarren edizio hau aurreko esperientziaren jarraipena da, eta Bertan izeneko ekimen zabalago baten barruan kokatzen da. Ekimen hori INTERREG POCTEFA programa europarrak finantzatzen du. Horren bidez, landa-eremuetako biztanleriaren zahartzeak dakartzan erronkei erantzuteko modu berriak aztertzen dira: bizitegi-irtenbideak, garraio egokitua, zaintza komunitarioa eta detekzio eta esku-hartze goiztiarra. Nafarroako hainbat landa-udalerrik eta Pirinio Atlantikoetako Iparraldeko Mankomunitateak parte hartzen dute ekimenean, Orozko, Urduña eta Amasa-Villabonarekin batera.
 
Landalabek adinekoen bakardade eta isolamendu egoerak agerian jartzen jarraitzea du helburu. Horretarako, sistema teknologikoa hobetu du, eta aplikazio mugikor bat ere garatu du. Horrela, auzozainek parte hartzen dute bizilagunen informazioa azkarrago eta errazago helaraziko diote Gizarte Zerbitzuen sailari. Era berean, bakardade-egoeran dauden adinekoengana modu pertsonalizatuan hurbiltzea aurreikusten du, duten laguntza-sarea eta helduen babes- eta segurtasun-sentsazioa baloratzeko. Isolatuta dauden eta laguntza-sare sendorik ez duten adinekoek lehentasuna izango dute Amasa-Villabonako udalerriko oinarrizko gizarte-zerbitzuen babeserako.
 
Proiektua hilabete honetan bertan hasiko da eta 2022ko irailean amaituko da; Udaleko gizarte-langileekin lankidetza estuan arituko den profesional bat izango du dinamizatzeko eta komunitate-garapenerako. Agintzari SCIS –eko talde teknikoak udalerriko proiektuaren pilotaje-ekintzak babestu eta koordinatuko ditu.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!