Gaur hasi dira Txermin, Altzin, Erniobea eta kale Berriko ur hoditeria berritzeko lanak

Erabiltzailearen aurpegia Amasa-Villabonako Udala 2021ko eka. 21a, 14:08
Txermin, Altzin, Erniobea eta Kale Berria 15 (osasun etxearen inguruan) ur hoditeria aldatzeko lanei hasiera eman zaie gaur goizean. Horrela, ur hornikuntzarako hodi berriak jartzeaz gain, saneamendu sarean ere hobekuntzak egingo dira, gaur egungo hoditeria zaharkituta baitago.
Aurreikusitakoaren arabera, lan hauek bi fase nagusi izango dituzte eta azaroaren 29ra arte luzatuko dira.
  • Ekainaren 21etik abuztuaren 1era: Txermin auzotik Arratzainera igotzeko N1 errepidearen azpialdean dagoen tunelaren inguruan egingo dituzte lanak, Zubimusu ikastolaren zonaldean.
  • Abuztuaren 2tik azaroaren 29ra: Altzin auzoa eta Kale Berria 15 inguruko zonaldean arituko dira; Zubimusu Ikastolatik Iru Aldeta tabernaraino doan kalean, eta Erniobea kalean (osasun etxearen inguruan).
 
Gutxi gora behera 5 hilabeteko iraupena izango duten lan hauen sustatzailea Gipuzkoako Ur Kontsortzioa da, eta Urbycolan S.L enpresa izango da obrak burutuko dituena. Guztira, 331.739,06 € bideratu dira ur hornikuntza hobetzeko lan hauetara.
 
Udalak, bere aldetik, lan hauek baliatuko ditu ingurumen legedia bete ahal izateko ezinbestekoa den euri-urak eta ur zikinak bereizteko lanak egiteko, eta 9.626,44 €-ko inbertsioa egingo du horretarako.
 
Sortu daitezkeen trabak murrizteko, Udala obrako arduradunekin harreman zuzenean dago eta elkarlanean ari da, sortu daitezkeen eragozpenak ahalik eta arinenak izan daitezen.
 
Informazio honen guztiaren berri emateko, Udalak BANDOA argitaratu eta itsatsi du zonaldeko bizilagunen etxe-atarietan. 


AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!