Ostiraleko greban elkar ikusiko dugu

Erabiltzailearen aurpegia

Gutxienez, ez badira gehiago, 35 urte pasa dira lehen aldiz Martxoak 8ko manifestazio batean parte hartu nuenetik. Donostian izan zen. 16 urte izango nituen, beste lagunekin batera, emakume feminista gazte taldea sortu genuenean. 1980ko lehen urteak ziren haiek.

Manifestazio horietan oso parte-hartze txikia izaten zen. Aldiz, gizon-emakume asko errepide bazterrean kokatzen ziren. Batzuk, emakumeen eskubidearen kontra agertzeko, beste asko, jakinmina eta harridura asetu nahian. Trantsizioa deitzen zitzaion garai hari. Urte asko pasa dira nire lehen parte-hartze hartatik. Gizartea ez da ordukoa, zorionez! Legeak asko aldatu dira urte hauetan guztietan. Egun, baditugu lehen pentsaezinak ziren eskubideak.

Baina ez da nahikoa. Asko egiteko dago. Zoritxarrez, emakumeon kontrako jazarpenari aurre egin behar diogu, behin ta berriz. Ikusezinak gara eremu askotan. Etengabe gure tokia aldarrikatu behar dugu. Gizartea parekidetasunean eraikitzeko konpromisoa hartuta, Udaletik emakumeen protagonismoa azalarazten saiatu gara. “Pausoz pauso. Martxoak 8 Emakume” kalejira, esaterako, helburu horrekin egiten da. Andoaingo emakumeei zor diegulako, eskertu beharrean gaudelako, emakumeen lana balioan jarri behar dugulako. Dokumentala, eztabaida, erakusketa... zikloa ekitaldiz aberastuta dator.

Alabaina, ekimen horietik haratago urratsak eman behar ditugu. Udal politikagintzan ikuspegi feminista edukitzea nahitaezkoa da. Erantzukizun politikoak ditugunok ezin gaitezkeelako urtean behin antolatzen diren edo bideratzen ditugun ekimenekin konformatu. Horregatik, agintaldi honetako apustua Berdintasun saila sortzea izan da, teknikari berriarekin. Eraso sexisten aurkako protokoloa osatu dugu, Jabekuntza Eskola sortu... Azken horretan 152 emakumek parte hartu zuten ikastaro ezberdinetan.

Udal politikan ikuspegi feminista txertatzeaz gain, ezin berdintasunerako bidea jorratu herritarrekin batera ez bada lantzen. Elkarlan horren bidetik bakarrik lortu daitekeelako eraldaketa erreala. Denon eginkizuna da. Erronka horretan feminismoak Andoainen hartu duen indarra ikustea pozgarria izan da. Andoaingo Asanblada Feminista sortu da, emakume gazte askoz osatua. Nabarmentzekoa da parekidetasunaren aldarrikapenean erakutsi duten erantzukizuna. Eta denok ditugu gogoan iazko emakumeen eguneko greba eta manifestazioa. Ikusgarria izan zen.

Alabaina, desafio asko ditugu aurretik. Besteen artean mugimenduaren aniztasuna. Herrialde eta kultura ezberdinetako emakumeekin batera lan egin. Patriarkatuak aurpegi asko dituelako. Bestelako herrialdeetako emakumeen kezkak eta borrokak elkar ezagutu. Esperientziak trukatu. Helburu horrekin, Saharako Emakumeen Elkarteak Tinduf-eko kanpalekuetan antolatu duen Nazioarteko Kongresuan Zuenako, Hurria-Saharako eta Andoaingo Asanblada Feministako ordezkari bana izan dira. Hirurak Udalak gonbidatuta. Berdintasun teknikaria ere bertan izan da. Emakumeok gure bizitzako protagonistak izan nahi dugulako. Parekidetasuna eskubide bat delako. Oraindik arrazoi asko ditugulako, Martxoak 8ko greban elkar ikusiko dugu.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!