Pokerra sprint nahasian

Erabiltzailearen aurpegia

Atzokoan aipatu genuen Groenewegen-ek enbidoa bota ziela Gaviria eta Sagani. Eta gaurkoan pokerra, bina garaipenera berdindu baitu biekin. Sprint nahasia izan da, etapa zozo samarrari amaiera eman diona. Oilarren artean Dan Martinek eta Alaphillipek denbora galdu dute eroriko baten erruz.

Groenewegen herberehetarrak bigarren garaipena jarraian lortu du Tourreko zazpigarren etapan, polemikaz inguratuta egon den iritsieran. Amaieran Gaviriak eta Greipelek ika-mika izan dute, bigarrenak lehenari bidea itxi diolakoan, eta  Groenewegenek egoera hori baliatu du garaipena aise lortzeko. Grellier eta Minaard izan dira etapako protagonistak, ihes egiteko tropelaren baimena izan baitute. Tropel nagusiak 7 kilometroren faltan harrapatu ditu, eta Van Avermaetek beste egun batez lidergoari eutsi dio.

Biharko etapa tourreko garrantzitsuenetakoa izango da, laburra, 151 kilometrokoa baina harbideko 21 zati 15 kilometrotan zehar. Alegia, Paris-Roubaix txikia eta horrek hainbat liderrengan sekulako kezka eragiten du. Erorikoen edo matxuren ondorioz denbora galtzeko  aukera handia dago. Nairo Quintana edo Mikel Landaren kasua izan daiteke, adibidez. Pentsatzekoa da Quick Stepek Junglesekin lasterketa mugitu nahiko duela, BMCk Richie Porterekin ere bai eta litekeena ere Bahrainek Nibalirekin gauza bera egitea. Ikustear dago SKYk nola kudeatzen duen biharko etapa. Alpeek baino garrantiza handiagoa izan dezake biharkoak, sailkapen nagusiari begira.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!