Bidaia on Urko

Erabiltzailearen aurpegia

Mina. Urko hil da. Lehor. Gogor. Hotz. Igande eguerdia. “Orain ordubete hil duk”. 

Mina. Azalpenik ez baitago. “Nola ba?”, galdera. Erantzunik ez. Heriotzak bueltarik ez baitauka. Eta ez daukala onartzen asmatzen ez dugunez, mina ematen jarraituko digu. Beti.

Mina. Igande arratsaldea. Guria-ko atarian. 10, 20, 30 lagun. Koadrilakoak batzuk, lagunak besteak. Mina ematen duen isiltasuna. Aurpegi tristeak. Bakoitza bere munduan murgildua. 

Urko Muñoz Berasategi laguna joan zaigu. 35 urterekin. Mina. Osatzen ari zelakoan baikinen. Pasatzen ari zen kalbarioa azkenekoetan zela.

Mina. Xauxar tabernako atarian urtetan elkarri botatzen genion ongietorri oihua haizeak eraman duelako betirako. ‘Sardinas’! esaten genion elkarri. Konplizitatea sortzeko identifikazioa. Zenbatetan, Idiazabal kaletik Pintore aldera buelta, despistatua, eta bat-batean, leiho edo balkoiren batetik: “ze habil, sardinas?”. Eta Urko han, bere etxeko leiho edo balkoian, bazilatzeko gertu. Neuri eta ezagutzen zuen guztiari.

Halaxe baitzen Urko. Mutil alaia. Irribarre errazekoa. Bizitzak eman dizkion adarkadei kementsu erantzun ziena. Horregatik mina. Aita eta ama aspaldi joan zitzaizkion, lana beltz egin zuen gaztetandik. Baina txarrenean ere, bizirik mantendu zuen bizitzaz gozatzeko asmoa: hango parranda, hemengo oporrak… “orain ezin dut, baino sendatzen naizenean denak batera egingo ditugu!”, botatzen zuen. Baina konforma erreza zen, bere ebakitxoa tabernan, bere txustarra, bere egonaldi luzeak koadrilak Urraka auzoan zeukan lokalean…

Bienvis-en Riojano taberna zen Urko topatzeko tokirik egokiena, azken urtean. Xauxar-ko pertsiana jaitsita, hara joaten zen bazkal oste askotan. Handik koadrilaren lokala ere pauso batera zeukan. Manex eta Panfi-rekin hara bazkaltzera joan izan garenetan gustura hartzen genuen kafetxoa berarekin. Bazkari mokadua egitera ere esertzen zen zenbaitetan. Han kontatzen zizkigun zama lanak eskatzen zituen jardunik ezingo zuela egin, oso ahul sentitzen zituelako hankak, eta baja bukatzean bulegoko lanen bat bilatu beharko zuela, umoretsu, “zeladore moduan edo. Hori bai, erretzeko baimena kontratuan jarrita e?”. Bere ez gaitasuna onartzeko zeraman borrokak ere indarra eman zion, ustez okertu zena bere aldeko bilakatu, eta ez gaitasun osoa aitortu baitzioten ez aspaldi. Euskaldun zaharra zen, baina azken hilabeteetan iraganean galdutakoa berreskuratzen ari zen, eskolak hartuz, animoso.

Eta erietxera hankan kendu ziotena osatzeko joana zela uste genuenean etorri da kolpea. Abisatu gabe. Heriotza asko bezala. Mina kolpetik. Urkok gehien maite zuen egunetako batean, San Juan bezperan. Oroitzapena bizirik mantentzeko egun aproposa.

Bidai on sardinas! 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!