"Tourra sakratua dek"

Erabiltzailearen aurpegia

Uztaila. Beroa. Oporrak. Hondartza. Mendia. Eta Tourra. Aurten ere bai. Uztaila guztietako hitzordu finkoa. Siesta botatzeko aitzakia askorentzat.

Ez dut lehen oroitzapenik gogoratzen. 10-12 urte nituenetik? Hor nonbait. Bazen bibote iletsua zuen kazetari bat Espainiako Telebistan, Pedro Gonzalez uste dut. Bacigalupe eta Tamargo mitikoak ordezkatu zituenak. Geroago etorri ziren Fermin Aramendi eta Xabier Usabiaga Euskal Telebistan, eta azken urteetan Antonio Alix eta Eduardo Chozas Eurosport katean. Txirrindularitzaren jarraipen onena egiten duen telebista katea, zalantzarik gabe. 

20-25 urte atzera arratseko 16:00tan hasten zen emankizuna telebistan, eta lasterketako berri hara bertaratutako berriemaile berezien bitartez bakarrik jakin zitekeen, irratietan orduro egiten diren boletinei edo parteei adi egonda. Ez zen internet sarerik, eta basamortu informatiboa erabatekoa zen. Kazetaritzan eman nituen lehen pausoak etorri ziren ondoren, Andoaingo Martin Ugalden, Euskaldunon Egunkaria-ko erredakzio zaharrean. Tourreko emankizuna hasten zenean bospasei lagun bata bestearen gainean jartzen ginen, ia-ia, erredakzioko txoko batean zegoen telebista bakarrean ‘La Grande Boucle’ ikusteko. Han ikasi nuen inoiz ahaztuko ez zaidan pasadizoa, Bianditz Iraola kazetari zaldibiarrak esana. Bekadun, garai hartan, nazioartea sailean, Jose Mari Pastor arduraduna etorri zitzaion, testuren bat idazteko eskatuz. Iraolak natural bota zion: “Hi Jose Mari, Tourra sakratua dek!”. Gure barre algarak Txileko El Mercurio egunkariko erredakzioan ere entzun ziren…

Egun etapa osoak eskaintzen dituzte hainbat komunikabidetan, eta kontakizuna egiten duten esatariek bai meritu latza, etapa aspergarri samarra bada, hiztegiko hitzak bukatzeko arriskua baitago. Tourreko ASO elkarte antolatzailea ere horretaz konturatu da, nonbait, eta iraganean ezin aspergarriagoak ziren 250 kilometroko etapa zozoak nabarmen murriztu ditu. Eta geratzen direnetan, aspertzeko tarterik ez, telebista kateek hainbat erreportaje edo elkarrizketa interesgarri eskaintzen dituztelako. 

Froome zainzuriak egingo du kale aurten. Dumoulin gentlemen-ak ere bai. INEOS taldearen diktadura apalagoa izango ote da? Aginte makila eurena da, eta nire ustez Egan Bernalek Tourra txikituko du. Goitizena ere jarri izan diot, dagoeneko. Hegan Bernal! Geraint Thomas taldekideak utziko ote dion… beste aurkari denek ez dute Kolonbiako kakalardoaren sua itzaltzeko kemenik. Ezta galoiak etengabe eskatu eta eskatu aritzen den Nairo Quintanak jeloskorra ere. Larunbatean hasiko den Tourrean sua pizteko aldapa piloa daude, eta outsider bat eman behar banu, Alejandro Valverde aipatuko nuke. 

Guztiaren berri emango dugu Aiurri.eus webgunean, etapa amaitu eta gutxira, egunero. Hondartzan eta mendian bazaude, informazio zehatza jasotzeko aukera edukiko duzu, erraz-erraz. Bianditz lagunak aspaldi esan baitzuen: “Tourra sakratua dek!”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!