Theuns-ek Ciccone gaztearen kemena itzali du, eta Geraint Thomas-ek kukurruku egin

Erabiltzailearen aurpegia
┬ęBahrain

Ihesaldiko kideen artean erabaki da etapa garaipena: Landa izan da mugitu den lehen faboritoa, baina ezin izan ditu aurkariak atzeratu

Ederra izan da Tourreko lehen etapa menditsua. Tropelaren baimena izan duen zaldi oneko ihesaldia, Movistar taldearen jazarpen lana Mikel Landaren easoa buruan, eta bukaera epikoa La Planche des Belles Filles horman, non bakoitzak ahal moduan egin duen bidea, igitaien pare, bizikletaren gainean jarraitzeko komeri latzekin. Eta guzti horren ondorio, Dylan Theuns etapako garaile, Giulio Ciccone maillot horiarekin, eta Geraint Thomas beste oilar guztiei mezu argia bidaltzen: 'hemen nago, Tourreko garailea naiz, errespeta nazazue'.

Begi guztiak Egan Bernal taldekideari begira zeudelako, ia faborito bakar lehen etapa menditsuan kolpea jo eta Tourrari eta Team Ineos berari hordagoa botatzeko. Mikel Landa izan da erasoa jo duen lehena, helmugatik lau kilometrora. Etapa zeukan buruan Movistar taldeak, baina berandu hasi zen tiraka, ihesaldiak lortutako zortzi minutuak jateko beranduegi. Landak tartea egin du lehen kolpean, 15-18 segundo, heldulekua azpi-azpitik hartuta, baina Tourra Tourra da, eta interes eta indar handiko talde eta txirrindulariak daude. Team Ineos-ek ez zuen Landaren errenta murriztea lortzen, baina Pinot-en Groupamak bai, Gaudu morroiaren bitartez. Landa kontrolpean, Julien Alaphilippe liderrak jo du, bere maillot horia arriskuan zegoela jakitun. Lehertu beharrean egin du azken kilometroa Deceuninq taldekoak, baina Thomas-ek harrapatu, eta haren atzetik helmugaratu da, bi segundora. Azken aldapako txakalaldi horrek, eta Cicconek Chevrere mendatean eta helmugan lortutako gainsariek kendu diote horia frantziarrari. Italiar gazte ausartak, ordea, nahiagoko zuen etapa, baina amore eman behar izan du Theuns zakur zaharraren aurrean.

Beste faborito guztiak banan bana sartu dira, eta Nibali eta Bardet izan dira okerren ibili direnak. Italiarrak 54 segundo galdu ditu Thomaskekiko, eta frantziarrak 1.12! Buelta emateko moduko diferentziak dira, baina sintomak nahiko kezkagarriak dira.

Bihar zazpigarren etapa jokatuko da, Tourreko luzeena, Belfort eta Chalon-sur-Saone artean, 230 kilometro bukaezin, eta esprinterrentzako aproposa.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!