Usopasa Erdikaldeko mendikatean

Erabiltzailearen aurpegia
©greenedgecycling

Tropelak etapa ehiztariei askatasuna ematea erabaki du, segadaz betetako terrenoan; 16 minutura helmugaratu dira oilarrak

Usopasa hasi zen atzo Tourrean, Thomas De Gendt-en hegaldiarekin, eta segida izan du Erdikaldeko mendikateko bigarren etapan, gaur. Ibilbidez bihurria eta oilarren arteko borroka pizteko egokia, baina atzoko erritmo eroaren ondoren, multzo nagusiak etapa lasai egitea erabaki du. Ihesaldia ez da berehala egin, interes handia baitzuten askok. 15 lagunek egin dute martxa, eta ehiztari benetan apartak bertan: Benoot, Impey, Naesen, Nicolas Roche, Boasson Hagen... Ibilbideak bere kabuz egin du selekzioa, eta azken mendate pikoak Benoot eta Impey utzi ditu buruan. Mitchelton-Scott taldeko Impey hegoafrikarra azkarragoa da, eta Benoot klasiko zaleagoa, eta aise menderatu du Benoot.

Tropelean, agintari, Deceuninq taldea. Julien Alaphilippe-ek lidergoa lortuta, aurrean maillot horia galtzeko arriskua suposa zezaketen txirrindulariak kontrolatzera mugatu dira, eta ihesaldian sartu zen onena sailkapen nagusian 21 minutura zegoela ziurtatuta, lasai egin dute bidea. Azken mendatean, bihurri samarra, Brioud-eko seme den Romain Bardet-en ahalegin ustela ikusi dufu. Ag2Rkoa herren dabil Tourrean, eta jaioterrian lagun eta sendiaren aurrean azaldu nahi izan du. Alferrik, baina.

Bihar 10. etapa korrituko da, Erdikaldeko Mendikateko azkena: Saint-Flourren hasi eta Albin bukatu, 217 kilometro luze berriro. Hirugarren mailako hiru mendate daude bidean, eta laugarren mailako beste bat. Ihesaldietarako aproposa, etapa, baina esprinterren taldeen baitan egon daitezke, Albiko ailegaera oso aproposa baita txirrindulari azkarrenentzat. Etzi atsedena hartuko du tropelak Albin, eta ondoren Pirinioak hasiko dira!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!