Jesus Herradak Jose anaiaren ordainekoa hartu du

Erabiltzailearen aurpegia

Dylan Teuns da lider berria, Astanak baimenduta; Uran, De la Parte, Roche eta Carty erretiratu egin dira, eroriko baten ondoren

Ihesaldi etapak... baina ihesaldia hartzeko kemena eta zortea eduki behar! Atzokoan lehen ahalegina izan zen arrakastatsua, ezustean. Gaurkoan borroka handiagoa espero zen, eta hala izan da. 11 ahalegin, eta denak ustelak, 40. kilometroaren bueltan 11 laguneko multzoak aurrera egin duen arte. David de la Cruz eta Dylan Teuns zeuden bertan, Miguel Angel Lopezen lidergoarentzat mehatxu bat suposa zezaketenak. Astanak ez die margen handiegirik eman haseran, bi minutu, baina ondoren maillot gorria galtzeak euren zaintza lana arinduko zuela ondorioztatu dute, eta bidea egiten utzi die iheskideei.

Haiek 5 minutuko zuloa irekita eraso festa hasi da. Oliveira eta Grmay aurrena, baina Teuns eta Jesus Herrada ziren indartsuenak, eta hala geratu zen garbi azken mendatean, hirugarren mailako Ares del Maestrat gainean. Teuns-ek etapa dotorea irabazi zuen Tourrean, Le Planche des Belles Filles aldapa gaiztoan, baina Vuelta Vuelta da, eta Tourra Tourra. Handik datozenak hanka zuztarrak zukutu samar ekartzen dituzte, eta Jesus Herrada oso igotzaile ona da. Atzo Jose anaia zaharrak egin zuen akats barkaezinari buelta eman, eta garaipen ederra lortu du, Cofidis taldearentzat garaipen ederra lortuz. Oilarren artean, fogeo balak. Ezer ez. Pogacarren eraso bakar bat. Antzua. Teunsentzat lidergoa, Astanarentzat lasaitasuna.

Bihar 7. etapa jokatuko da, Onda eta Mas de la Costa gainaren artean. 183 kilometro eta oso bukaera gaiztoa. Bost mendate saude bidean: hirugarren mailako bi gain, bigarren mailako beste bi, eta Mas de la Costan bukaera, lehen mailako mendate benetan pikoa. Lau kilometro bakarrik da luze, baina batez besteko pendiza %12.4koa da. Bidean %25eko malda itogarriak ere baditu.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!