Esloveniar hegalariak hegan egin eta Vuelta hankazgora jarri du

Erabiltzailearen aurpegia
©rtve

Bi minutu kendu dizkio Miguel Angel Lopez-i, eta 3.06 baldar aritu den Nairo Quintanari

Agian ez du Vuelta irabaziko, baina faborito nagusia da, eta aurkariek gaurkoz ikusten ez den zirrikituren bat topatu beharko dute Primoz Roglicen hanka zuztarretan, esloveniarrari maillot gorria soinetik kentzeko. Jumbo Vistakoa jakitun zen sekulako lana egin behar zuela, aurkariak atzeratu, eta Vuelta irabazteko, eta hala egin du. Bere bi aurkari nagusiak oso atzean utzi ditu. Miguel Angel Lopez kolonbiarrak bi minutu pasa galdu zituen, eta Nairo Quintana kolonbiarrak 3.06, denbora asko. Hainbesterako, Quintanak ia ezinezkoa izango duela garaipena. Lopez, aldiz, indartsuago dago, eta talde guztia bere mesedean aritzeko prest, Movistar taldean ez bezala.

Sailkapen nagusian 1.52ra dago Alejandro Valverde, erlojupekoko lehen zatian bikain aritu zena, ondoren txakalaldia izateko. Lopez 2.11ra dago, eta Quintana 3 minutura. Hortik behera ahaztu, urrunegi daude aurkariak.

Bihar 11. etapa korrituko da, Euskal Herrian hasi eta bukatuko dena. Donapaleun hasiko da, Nafarroa Beheran, Amikuze eskualdean, eta Zuberoan barrena kilometro sorta handia egin, Oxkixe gainetik Nafarroa Beherera bueltatzeko. Garazi eta Baigorritik igaro ondoren, Nafarroa Garaian sartuko da tropela Izpegi gaina zeharkatuz. Erratzun Otsondo aldera eginen dute, eta handoik Lapurdiko Ainhoa eta Sarara, etapa Urdazubi-Dantxarinean bukatzeko. 180 kilometro denera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!