Sam Bennet klasiko zale txukuna ere bada, esprinter petoaz gain

Erabiltzailearen aurpegia
©rtve

Oviedoko bukaera bihurriak ezustean harrapatu du tropela; eroriko handia egon da 500 metroren faltan, eta Luka Mezgec izan da kaltetuena

San Bennetek irabazi du Oviedoko esprinta. Beste bat. Bigarrena Vueltan. Baina ez du esprint klasikoa bailitzan irabazi. Azken 1.000 metroak bihurriak ziren, maldan gora, eta irlandarra bakarrik helmugaratu da, esprinterrak eta bideratzaileak pott egin ondoren, %10eko pendiza zeukan 200 metroko tartea gainditu ezinda. Tarte horren deskribapen zehatza, ordea, ez zen ibilbide liburuan agertzen. Bestelakoan zaila da ulertzen nolatan Deceuninq-ek taldea hustu zuen Jakobsenentzat, herbehretarra geratu egin baita horma labur horretan. Sander Armeek hautsi du volata, eta Richeze bideratzailea bere atzetik abiatu, Jakobsenek ezin zuela ikusita. Bennett, ordea, tximistaren pare etorri da atzetik, eta aise menderatu biak.

500 metrora erorketa handia gertatu da, 20-30 lagun erori dira gutxienez. Luka Mezgec izan da kaltetuena, baina Valverdek eta Pogacarrek ere kolpeak hartu dituzte. Roglic liderrak justu-justu libratu du erorketa, eta onik helmugaratu da.

Bihar Asturiasko lehen etapa memditsua jokatuko da, Tineo-Santuario del Acebo. 154 kilometro eta lehen mailako lau mendate bidean: Acebo, Connio, Pozo de las Mujeres Muertas eta Santuario del Acebon bukaera. 40 kilometro gorantz dira, eta indarrak justu daudenez, txakalaldi asko ikus daitezke.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!