Omenaldi hunkigarria eskaini dio Urnietako herriak Mikel Iturria txirrindulariari

Erabiltzailearen aurpegia

Andoaingo txirrindulari eskolako lagunek, UZE zikloturista elkarteko kideak, koadrilak, udal ordezkariak eta herritar askok erakutsi diote esker ona Vueltako etapa garaileari

Erotzeko moduko aste bi daramatza Mikel Iturria txirrindulariak. Vueltako etapa irabazi zuenetik dozena bat elkarrizketa eta argazki saio eskaini ditu, eta aztoratu samar ibili da. Mediatikoki anonimotasunetik punta-puntara jauzi egin duenak pasa behar dituen zehar kalteak dira. Iturriak gaur zeukan azken hitzordua, baina denetan zailena. Ez baita erraza 200-300 lagun eta ezagunen aurrean tranpaldora igo eta protagonista zeu zarela barneratzea. Kantoi tabernan bizikleta hartu eta  azkar egin du tranpaldorainoko bidea Iturriak, Andoaingo txirrindulari eskola eta UZE Urnieta Zikloturista Elkarteko lagunak gurpilekin inguratzen zutela. Txistularien agurraren ostean, Mikel Ibargoien Udaleko komunikazio arduradunak galderak egin dizkio Iturriari, eta jarraian Urdazubin lortu zuen garaipeneko irudiak erakutsi dituzte Euskadi Irratiko Jon Altuna narratzailearen ahotan.

Omenaldiko unerik hunkigarriena izan da, plaza osoa emozioak jota, eta Iturria bera ere malkoei eusteko komeriekin. Minutu erdian bizikleta gainean pasa dituen miseria guztiak pasa zaizkio begi aurretik, eta eseri egin behar izan du, lasai arnasa hartzeko. Jon Mikel Mujika Andoaingo txirrindulari eskolako arduradunaren hitz goxoak entzun ditu, eta hasi berri diren guztientzat eredu dela esan Iturriari. Unai Lizeaga entrenamendu lagun mina eta UZE zikloturista elkarteko kidea ere igoarazi dute tranpaldora, ezustean, eta Iturria gozatzen hasi den neurrian urduritu da Lizeaga, mikrofonoan zer esan ez zekiela. Udaletxean ordezkaritza duten alderdi politikoetako zinegotziak igo dira ondoren tranpaldora, Iturriari zorionak eman eta Urnietaren izena munduan barrena famatzen laguntzeagatik. Egape Dantza taldeko bi kidek aurresku dotorea dantzatu diote, eta halaxe bukatu da tranpaldo gaineko omenaldia, herritarren txalo artean.

Tranpaldotik jaitsita denbora luze egin baitu txirrindulariak jendea agurtzen, egun hartako pasarteak konpartitzen. Eta txikienekin argazkiak ateratzen eta sinadurak ematen. Mikel Iturria Urnietako hainbat umeren eredu, ikur bilakatu baita, Nahikari Garcia futbolariarekin maiatzean gertatu bezala. Urdazubi aurreko Mikel Iturria joan zen, Mikel Iturria berri bat daukagu. Baina argazkiak eta sinadurak eskatzen zizkieten txikienak bezala, garaipen horrek bere bizitza aldatu ez balu bezalakoa izango da ziklistaren egunerokoa aurrerantzean ere. Bizikleta maitatuz, profesional saiatua izanez, sakrifizio asko eginez, baina beti mutil natural eta zintzoa izanez. Herrikide eta lagunen berotasunarekin mila foku eta kamerekin baino errazago hunkitzen den mutila.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!