Futbola

Erabiltzailearen aurpegia

XXI. mendeko droga, batzuentzat. Jendartearen ispilu, besteentzat. Eguneroko arazoei ihesbidea bilatzeko aukera errazena, askorentzat. Eta zergatik ukatu? Futbolak badu norbanakoa, gizabanakoa transformatzeko gaitasuna. Oso indartsua da. Norberaren taldearen emaitzaren baitan jende askoren aldartea aldatzeko gaitasuna duen kirol diziplina bati bere boterea aitortu behar zaio.

 

Nik gustuko dut futbola. Nuen, iraganean. Ikaragarri: Kinielak, SER irrati kateko Carrusel deportivo famatu haiek… baina nekatu ere egin nintzen. Kirol kazetaria bazara, eta egunero kirol kontuei bueltaka, nekatu ere egiten zara. Nekatu, zure kirol zaletasuna dibertsifikatzeko, futbola ez den beste aisi aukera batzuei lehentasuna emateko. Egun, mendiak, sagardotegiak edota zineak lehentasuna dute nire aisi hautuan. Baina ni ere jausten naiz futbolaren armiarma sarean noizean behin.

Jausi nintzen Euskadi Irratiko erredakzioan, pasa den ostegunean, Realak Real Madril 3-4 menderatu zuenean, eta Athleticek Bartzelona azken unean menderatu zuenean. Idatzi nuen txio bat, asko pozten nintzela bi euskal talde Sevillako Kopako finala jokatzeko bidean zeudelako. Nire iritzia jakina da, aspaldi. Realekoa naiz, baina ez naiz beste euskal taldeen porrotekin pozten. Euskal jendarteak daukan gaixotasun handiena da, hori, niretzat, probintzianismo gordina da. Osasuna eta Alaves ere gustatzen zaizkit, eta Athletic-i dagokionez, esandakoa. Euskal Herrikoak ez diren taldeen aurka aritzen denean, irabaztea nahi dut.

Kopa, Sevilla. Ostatua eta tren billeteak hartu ditut. Beldurra ematen dit konpainiak… eta konpainiaren herrikideak. Mondragoe-ko kasta asko Sevillan izango omen dira… Sarrerak lortzeko mesede eskean hasi gara, eta norbait konturatu ez bada, hemen mezua argi: bi sarrera behar ditugu bai edo bai. Lortuko ez bagenitu ere lasai, buruko minik ez, zaleen karpan egongo da, zer egin, eta zer ospatu…

Igandea emozio askoko eguna izan zen zale txuri urdinentzat. Emakumeen taldeak Superkopako finala jokatu zuen Barça ahaltsuaren aurka, eta atsekabetuta bueltatu behar izan zuten etxera, 1-10 galduta. Atsekabetuta bai, baina errendituta ez. Finalak, jokatzen dituenak galtzen dituela esan zuen norbaitek. Ba hori. Bartzelona irits ezina dela eta Realari merezi ez zuen zigorra eman ziola diotenekin ados ez… Errugbian egiten den bezala, aurkaria errespetatzeko modu onena haien aurka bete-betean jokatzea da. Ziur nago Nahikari Garciak, Realeko kapitainak, bere taldeak Barçaren gaitasuna izango balu, antzera egingo lukeela.

Salamancako finaleko beste irudi batekin geratu nahi nuke, dena den. Lehen minutuan jokalariek egin zuten protesta hitzarmen justu bat eskatzeko. Langileak dira, profesionalak, baldintza duinak behar, nahi eta merezi dituzte. Eta klubek zeresan handia dute helburu hori gauzatzeko bidean. Indarra, emakume futbolarientzat.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!