“Aurtengoa bezalako neguak izan dira; etorriko dira hotzagoak”

Erabiltzailearen aurpegia
Iker Ibarluzea eguraldi aditua amaitzear den neguaz hizketan jardun du Andoni Urbistondo kazetariarekin. AIURRI

Negu epel eta lehorraren zergatiak azaldu ditu aditu den ibartarrak, eta aldaketa klimatikoa ukatu.

Bizitzaren kasualitateak, Beterri eskualdean aspaldiko negurik epelena eta lehorrena bukatu eta egun pare batera etorri da bisitan Euskal Herrira ipar mendebaldeko lehen denboralea. Ernion elur maluta batzuk ikusten dira, Ibarrako Izaskun auzotik. Asteburuan Ernio ondo zurituko duela uste du Iker Ibarluzeak, “Adarramendi ere bai, agian”. Poloko zurrunbiloa eta Siberiako antizikloiaz mintzatu da luze, negu epelaren sorburuak. Baita aldaketa klimatikoaz ere: “Eguraldia gero eta epelagoa dela ukaezina da, datuak hor daude, baina aldaketa klimatikoa eman dela esatea gauza serioagoa da; momentuz ez da halakorik gertatu”, dio tinko.   

Nor da Iker Ibarluzea?

Ibarrako gazte bat, 29 urtekoa, meteorologoa eta geografoa ikasketez, eta geografiako informazio sistemetan teknikoa (mapak elaboratzeko teknikak erakusten dituen ikasketak). Geografia Gasteizen ikasi nuen, meteorologiako Bartzelonan. Tolosaldeako atarian meteorologia iragarle nabil, eta laster komunikabide nazional batean hasiko naiz iragarle lanean, agian. Etorkizun ertainean oposaketak ditut buruan, Euskalmet-en, edo beste erakunderen batean, lana lortzeko, baina ez da erraza, gutxi egiten baitituzte. Egun, meteorologoa izateaz gain komunikatzaile ona ere izan behar duzu, eta horretan ere trebatzen saiatzen ari naiz, pixkanaka.

Meteorologoa izan zara txikitatik, edo zaletu egin zara?

Ez, txikitatik naizela esango nuke. Etxean, ETBko albistegia bukatzen zenean beti geratzen nintzen eguraldiko saioari begira bost urte nituenetik, iluntzetan Andoni Aizpururen jarraitzaile fidelenetakoa naiz. Mapak eta beste. Gero autodidakta izan naiz, asko irakurri dut. Nire ametsa beti izan da meteorologia izatea.

Zaletasunez meteorologia, eguraldia lizentziatu asko daude inguruan, baina tituluz gutxi.

Bai, ez baita erraza. Fisikan, eredu numerikoetan iaioa izan behar duzu, eta ikasketak ez dira samurrak.

Eguraldi jakitun asko daude Euskal Herrian. Igogailuan, okindegian, denok ematen dugu iritzia behintzat.

Hala da, bai, eta harrigarria da. Jende gehienak gutxieneko ezagutza bat badaukala esango nuke, twitter sare sozialetan aditu asko irakurtzen da eguraldiaz mintzo.

Zergatik gertatzen da hori, gurean?

Eguraldi zaletu izateak lotuta darama natura gustuko izatea, mendizaletasuna…  Nire ustez jende asko nahi gabe eguraldiaren prebisioa ikusten edo aztertzen hasten da, eta gero bide horretan jarraitzen du, bere jakintza aberastuz pixkanaka.

Eta Euskal Herrian eguraldiak interesa pizten duela, anitza delako. Esan nahi dut, hainbeste aldaketarik ez duen eskualde batean agian ez du halako erakargarritasunik sortuko, ezta?

Erakargarria baino preokupazioa esango nuke. Denoi eragiten digu, eta oso ezberdina da kilometro gutxiko tartean. Euskal Herrian bost klima ezberdin ditugu, ipar-hego eta ekialde-mendebalde, kilometro eremu txikian, eta horrek bere xarma dauka. Xarma, eta zailtasuna, meteorologoak izan eta iragarpenak egiten ditugunontzat. Ñabardura ugari gertatzen dira Bizkaiko kosta edota Pirinioen artean, mendiak, orografia, itsasoak sortzen duen berogailu efektua… Askotan elurra zein altueratan botako duen galdetzen didate, baina ia ezinezkoa da zehaztasunez asmatzea. Toki batean prezipitazioa modu iraunkorrean egiten duenean aire hotza jaitsi egiten da eta elurra errazago egiten du beherago. Hori ezin da aurrez iragarri. 

Twitterren bazabiltzate, bagabiltza, dozena pasa eguraldi zale, denboraleak nork iragarri besteak baino azkarrago. Zer moduz moldatzen zara sare sozial horretan?

Nirea ez da kontu korporatiboa, ez dut eguraldiaz bakarrik hitz egiten. Muturreko fenomenoak sumatzen ditudanean ematen dut iritzia, batez ere. Gero eta sare sozial konplexuagoa bilakatzen ari da twitter, txio egilearen akatsa bilatzen duen jendea baitago, kargu hartzeko prest berehala. Kritika eraikitzaileak egitearen aldekoa naiz, baina mina egiteko joera duten kritikak gero eta ugariagoak dira, eta horrek zer pentsatua ematen dizu. Jarraitzaile kopuru handiena lortzeko halako lasterketa bat dagoela dirudi, eta ez dut grina hori partekatzen. Aldi berean, twitter-en ez bazaude, ez zaude inon, ikusezina bilakatzen zara... Ni erratzen banaiz atzera egin eta nire errua onartzeko prest nago, baina sarean ego handiak daude, orojakile asko. Akatsik egiten ez duela uste duen jende asko, eurek direla egia bakarraren jabe, eta horiekin tentuz ibili behar da.

Zein iritzi duzu tenporen inguruan, meteorologia ez ofizialaz?

Aintzat hartzeko moduko zerbait da, iraganean ez zutelako egun ditugun bitartekoak, eta eguraldiaren joera sumatzen zuten. Garbi dago tenporek ez dutela oinarri edo azalpen zientifikorik, eta hori baliatuz kritika zorrotzak idazten dituzte hainbatek sarean.

Neguko tenporetan hego haizea izan zen nagusi.

Bai, eta 10 egunetatik zortzitan hego haizea izan da nagusi.

Eguraldia %100 asmatzea ezinezkoa da, baita gaur egun ere.

Halaxe da. Jende askori entzuten zaio ‘eguraldia iragartzea gauza erraza da’, baina oso konplexua da. Atmosfera kaotikoa da eta etengabe aldatzen da. Telebistan edo sarean ikusten ditugun isobara edo koloreetako mapak ordenagailu bitartez egiten dira, fisikako arau batzuk erabiliz. Horien oinarria hainbat puntutako presio atmosferikoaren datuak dira. Zer gertatzen da? Goizeko parametroak eta arratsekoak ezberdinak izan daitezkeela, eta horrek goizean egindako prebisioen baliagarritasuna harrika botatzen du arratsalderako.

Zer fidagarritasun portzentaje eskaintzen du meteorologiak, egun?

Hiru egun, gehienez. Gehiago ez. Salbuespenak daude. Eredu garrantzitsuenek, europarrak, AEBetakoak edo Kanadakoak, bat egiten badute 10 egun barru hotzaldia datorrela esanez, ba etorriko da. Intentsitate handiagoarekin edo apalagoarekin, baina etorriko da. Normalean bost egunetik aurrera zein eguraldi egingo duen zehaztea ezinezkoa da, non eta egoera oso egonkorra den, antizikloi sendo batekin. Orduan egin daiteke prebisio fidagarria. 

Eskerrak inork ez duela eguraldia kontrolatzen asmatu, oraindik.

Lortuko dute. Gu ja ez gara hemen egongo, baina lortuko dute. Zirimoletan-eta ari dira, AEBetan, dagoeneko, esperimentuak egiten, hainbat gas erabiltzen, zein efektu sortzen dituen jakiteko: zurrunbiloa indartu, ahuldu…

Negu berezietan berezia bukatu berri da. Alarma guztiak piztu ditu epel-epela izan delako, lehorra… Zein analisi egiten duzu?

1990an oso antzeko negua izan genuen. Iazkoa ere nahiko zozoa izan zen, eta 2017koa ere bai. Elurra apenas ikusi dugu azken lau neguetatik hiruretan. Ulertzeko moduko azalpen bat emate aldera. Jende asko Artikoko zurrunbilo edo bortizeaz mintzatzen da, Artikoko hotza gordetzen duen eremu handi bat, negu epelaren eragile bakar balitz bezala. Zurrunbilo horrek zer egingo duen jakitea ezinezkoa da, baina hausten denean, barruan duen hotza hegorago dauden eremuetaraino iristen da, Euskal Herriraino. Aurten ez da halakorik gertatu. Poloko zurrunbiloa baino beste faktore garrantzitsuago bat aipatu nahi nuke. Jakina da negu garaian antizikloiak oso sendoak izaten direla, egunak eta egunak egon daitezkeela mugitu gabe. Bada antizikloi bat, neguan bakarrik sortzen dena, Siberiakoa. Haren eragina gureganaino iristen da batzuetan, Europa ipar edo erdian kokatzen denean. Hori gertatzen denean Atlantiko iparreko borraskek hegora, guregana joan beste erremediorik ez dute, Siberiako antizikloi hori borraskak baino indartsuagoa delako. Bukatu berri den neguan, ordea, ez da Siberiako antizikloi sendorik sortu. Horregatik egin du hain negu beroa Moskun, Helsinkin, non urtarrilean, eta historian lehen aldiz, tenperatura ez zen 0 gradutik jaitsi hilabete osoan. Siberiako antizikloi horren faltan, Azoreskoa izan da neguan Euskal Herrian edo Europa hegoan kokatu dena. Zer eragin du horrek? Zirkulazio zonala, mendebaldeko haizea eta borraskak Eskozia eta Norvegian barrena Europa ekialdera, Turkiara eta Ekialde Erdira joatea. Han bai, han elurra eta izotza izan dute sarri. Euskal Herrian, aldiz, eguraldi lehorra eta tenperatura epelak. Euskal Herrian negu samurra izan dugu, baina galdetu Erresuma Batuko edo Irlandako herritarrei. Borraska eta haizete mordoa eduki dituzte.

Ez dut oroitzen elurrik gabeko negurik Adarramendi edo Ernion. Zuk?

Nik ere ez, 1990ekoa, agian. Arraroa da hiru hilabetetan Adarramendi ez zuritzea, 800 metro pasako mendia delako, eta neguan altuera horretan Euskal Herrian hotz handi samarra egiten duelako.

Azken lau neguetatik hiru oso epelak izan dira. Joera horrek zerbait esaten dizu edo egoera puntual bat da?

Ez, klima ziklikoa da, hori frogatua dago, eta beti egon izan dira boladak. Aldaketa sakonez, aldaketa klimatikoaz hitz egiten hasteko 15-20 urteko epe bat beharko genuke, gutxienez, antzeko datuekin, klima aldatzen ari dela baieztatzeko. Beste gauza bat da eguraldia gero eta epelagoa dela ziurtatzea. Hori ezin da eztabaidatu, datuak argiak dira, bai neguan, baita udan ere. Hurrengo negua bukatu berri dena baino hobeagoa izango da ziurrenik, zaila ez hala izatea. Baina esandakoa. Orain negu epeleko ziklo batean gaude, eta gauzak normal, hurrengo neguan edo urte batzuk barru beste ziklo bat etorriko da. 2005ean sei elurte bota zituen Kantauri Isurialdean, eta datu hori negu epel hau baino bereziagoa da.

Muturreko egoerak gero eta ohikoagoak dira, han eta hemen.

Bai, eta euskaldunok, zentzu horretan, pribilegiatuak gara, gurean muturreko fenomenoek ez dutelako triskantza handirik sortzen. Euriteren bat, haizeteak, beroaldiak… Han eta hemen ikuste direnak gogoan, zortekoak gara. Gure ondorengoek, mende bat edo mende eta erdi pasa ondoren gehiago sufrituko dute aldaketa klimatikoa, ziurrenik.

Aldaketa klimatikoaz, edo muturreko datuak ematerakoan errazkeriaz hitz egiten da. Sarean sestraren bat edo beste izan duzu ez aspaldi.

Bai, Antartidan historiako tenperaturarik beroena neurtu zela esan zuten askok, 20 gradu harrapatu zirelako. Nik bota nuen ezinezkoa zela hori frogatzea, 100 urte atzera egin eta ez baitago daturik. Ezin dugu jakin orain bi mende, lau, hamar, zein tenperatura neurtu ziren Antartidan. Estazioa non dagoen aztertu ondoren, esango nuke datu puntual bat dela. Aldiz, ez da ezer esaten Artikoan izotz geruza hazten ari dela, eta aspaldiko handiena dela, han hotz handia pilatu delako. Batzuen eta besteen interesek talka egiten dutela esango nuke, aldaketa klimatikoaren kontu honetan, eta zorroztasun handiagoa eduki behar da datuak ematerakoan. Antartidako txoko horretan 20 gradu 20, 30 egunez segidan ematen badira, hor arduratzen hasi beharko genuke, baina ez da gertatu. Eztabaidan sartu nintzen eta sekulakoak irakurri behar izan nituen. Datu hori jarri zuenak jarraitzaile asko ditu, eta horietako askok zure kontra egiten dute sistematikoki, bere ezaguna babesteko. Erotzat hartu izan naute noizbait, eta argudiorik gabeko iritziek aspertu egiten zaituzte.

Telebistan eguraldiko saioak ikusi eta sekulako audientzia dute: bideoak, argazkiak, azalpen zehatzak… Ondo iruditzen zaizu, edo gehiegizkoa da?

Ni meteorologoa naiz, eta oso interesgarria egiten zait Andoni Aizpururen moduko komunikatzaile on batek 10-12 minutuko saio bat egitea eguraldiarekin, baina irudipena daukat herritarren %98ak ez duela eguraldi zaleok eduki dezakegun zaletasuna. Alegia, %98ak bihar zer eguraldi egingo duen jakin nahi du, azalpen askorik entzun gabe. Aire masa hotzak, epelak… ez dakit benetan interesa ba ote dagoen. Zenbatetan galdetzen dizute twitterren,  ‘kolore moreak zer esan nahi du, hotza?’. Ba telebistako saioekin antzera. Eta eguraldiaren saioak laburrak dira, baina elurra egiten duenean non bizi garen ahazten dela esango nuke. Egun Gasteizen elurra egiten du, eta dozenaka kamara eta kazetari agertzen dira momentuko informazioa ematen. Hori ez da notizia, notizia bilakatu dute.

Erakunde ofizialek eguraldi iragarpenetan zuhurtzia gehiegiz jokatzen dutela ere kritikatzen da.

Bai, arrazoi osoz. Adibidez, nahiago da prebisio kontserbadorea egin elur mailarekin, egin dezakeena baino gorago esatea, 300 metrora esan, gorago egin, eta kritikak saihestu. Baina izan dira, pasadizoak, non 600 metrora iragarri elurra, eta Ibarran, edo Andoainen, 15 zentimetroko geruza pilatu, eta prebisiorik aldatu ez. Egun, eguraldi iragarpenetan baliteke hitza gehitxo erabiltzen dela esango nuke, eta hitz hori ezin dela erabili uste dut, debekatuta egon behar luke. Bost egun barru esan liteke, baliteke, baina egun batetik besterako prebisioan ez. Gero bada kexurik, lainoak, eguzkiak eta euri arrastoak erakusten dituzten ikur, sinbolo asko erabiltzen direlako mapetan, ‘horrela nik ere asmatuko nuke’, dioenak… Arrazoi puntu bat badu.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!