Koronabirusa

Beldurra libre

Erabiltzailearen aurpegia

Konfinamenduko laugarren eguna. Iluntzeko zortziak. Normalean laneko pantailaren aurrean esertzeko ordua. Egunotan, aldiz, sofan etzanda albistegia ikusten egoteko ordua. Baina egun osoa albistegia bilakatu denean, denak nekatzen zaitu.

Ohean ere ezin eroso egon. Aurrez aurreko komunikazio faltak nekatzen nau, bestelako komunikazioa ugaria eta aberatsa baita. Telefonoz dei asko, dei luzeak, orduak erre behar, nola edo hala.

Beldurra gurean da. Libre. Jendea etxeko lau hormen barruan geratzea lortu dute, eta ez da erraza. Covid 19. Coronavirus-a. Gure historiaren parte izango den gaitza, eta bizitza osoan gogoratuko duguna. Herritar soila naiz, ez aditua. Eta zer gertatu den ikusi eta gero erraza da kritikak egitea. Kritikak desadostasun kutsuz mozorrotzen saiatuko naiz, “errazena kritikatzea da” esaldiarekin zigor ez nazaten.

Ez daukat sukarrik. Ez giharretako minik. Hasteko. Neurriak bete ditut. Positibo eman ez duten lagunak ditut, baina coronavirusak jota daude. Sintoma arinak dituzte: sukarra, giharretako mina, eztula… Ofizialki ez dute virusik, baina testa egin ez dietelako. Jaurlaritzako Osasun Sailak onartu du, gaur, sintoma arinak dituztenei test-a ez dietela egiten. Etxean gorde eta paracetamol-a hartzeko esaten diete. Zergatik? Horiek guztiak erietxeetan kabitzen ez direlako? Test-ak garestiegiak direlako? Agian sintomak dituzten guztiei test-a eginez gero kutsatutakoen kopurua egunero ematen dutena baino askoz handiagoa litzatekeelako. Osasunaren Nazioarteko Erakundeak test-ak egiteko coronavirus gaitza kontrolatzeko modurik eraginkorrena dela esan du.

Ez gaitezen engaina. Sintoma arinak dituzten milaka herritar daude gure artean. Horiei test-a egin gabe, ezin dira zenbatu. Sintoma larriak dituztenak bakarrik zenbatu dira. Zifra errealak ematen ari direnak baina 10 bider handiagoak izan litezke. Horrek izua sor dezake jendartearengan, bai. Baina niri gustatuko litzaidake kutsatuta banago, jakitea. Eta banengo, etxean sartu eta sendatu. 48 urterekin, aurretik biriketako edo arnasbideko gaitzik izan gabe, ez naiz arrisku taldeetan sartzen. Ez daukat sintomarik. Baina banitu, jakin egin nahi nuke. Eta Coronavirus-a pasa behar bada, ba pasa eta sendatu.

Politiko askok eman omen dute positibo. Kirol talde aberatsetako profesionalek ere bai. Kasualitatea? Ez dut uste. Klasismo garbia sumatzen da datu horietan. Alegia, edo dirua, edo euren boterea erabili dutela sintoma arinekin test-ak egiteko. Eta sintoma arinak izan dituen herritar xumea, aldiz, zain. Mundu guztia gainditu du Covid 19ak, inork ez zekien ze neurri hartuko zuen gaitz honek. Erabakiak hartu behar dituztenei borondate ona eskertu behar zaie, ezjakintasunaren aurrean akatsak egiteko arriskua.

Gezurrak esan eta herritarrok horiek onartzera behartzea ez da bidezkoa. Eta dena ez da egia.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!