Zerri goseak, ezkurra amets

Erabiltzailearen aurpegia

Ehunka esaera zahar dauzka euskarak, baina kronika hau irekitzen duen lerro buruan agertzen dena, gustukoen dudanetako bat. Eguneroko bizitzan hainbat esparrutarako balio baitu. Astelehenean eskualdeko goi auzo eta belazeak zuritu zuen elur apurraren harira ere bai.

‘Ez zara kexatuko, bada? Behintzat elurra ikusi duzu negu honetan’. Esaldi hori 10 aldiz jaso nuen nire watsapean. Etsipenean itota, negua hipotekatuta, gurean udaberrian kale bazterrak inoiz ez dituela zuritzen aintzat hartuta, pozgarria, noski, elurra gure etxeko leihoetatik gertu ikustea. Are gehiago konfinamendu garai latz hauetan.

Eguraldia eta elurra. Iragarpenak eta mapak. Haserrarazteko tramankuluak. Eguraldia iragartzen duten eredu meteorologiko mordoa daude, eta gabiltzanok sobera dakigu bost egunetik harago egiten diren prebisioek ez dutela zipitzik ere balio. Baina hain negu zozoa izan ondoren, nahikoa mapa batzuk hotzalditxo bat iragartzea, denak alarma pizteko. Eta ez, preseski, Espainiako Gobernuak agindutako Alarma Egoera. Eredu meteorologikoekin beste euskal esaera zahar egoki bat erabili behar da: urrutiko intxaurrak hamalau, gerturatu eta lau. Alegia, sekulako hotzaldi eta elurteak iragartzen dituztela hamar egun bistan, eta egun hori hurbiltzen den heinean, hotzaldia eta elurtea haizeak eramaten duela. Pasa den ostiraleko zenbakiek zioten eskualdean kale bazterrak zurituko zituela. Gero ikusi duzue zertan geratu den. Elur maluta ziztrin batzuk baino ez.

Tornado edo zirimolen peskizan ibiltzen direnak bezala ibili behar da elurraren arrastoan. Igande gauean lo begi bat irekita egin behar da. Ohe ondoko segapotoan euriaren etorrera iragartzen duen rain alarm aplikazioa martxan, eta interneten Kapildui mendiko radarra. Holfuy Ernio-ko web gunea ere bai, 1.075 metrora dagoen tenperatura aintzat hartuz elurra eskualdeko herrietatik gertuago dagoen kalkulatzea posible baita. Azken bistadizoa, astelehen goizaldean, ordu biak aldera. Hernion 3.6 gradu zero azpitik. Urnietan elurra egiteko Hernion -6 egin behar du, gutxienez. Kuluxka lasai egiteko tartea.

Goizeko 7.30ak. Irratiko eguraldi partea, watsapean abisurik ez. Pertsiana altxa. Berdea. Lasaitasuna. Kafetegian, ‘kamarero, hutsa eta doblea’ esatea, hurrengo zeregina, Berri Txarrak-ekoek abesten zuten bezala. Baina ez. Ez dago kamarerorik. Ezagun batek esan zidan, ez aspaldi, ‘hi, jekitziaz aparte, esnatu re in bihar dik e?’. Ba horixe. Jaiki bai, esnatu ez. Gosaria nik prestatu behar. Zortzietako partea irratian, sare sozialetan elurretako lehen argazkiak, eta bat-batean, watsapa sutan. Jonathan, Joseba Oiarzabal… ‘elurra ari dik!!!’. Begia leihora. Ari du. Elur bustia… Martxa.

Salvoconducto edo ibiltzeko baimena eskuetan. Munizipalei abisua. Autoa martxan. Iruraingo termometroan gradu bat. Ollamar baserriko bihurgunean errepidea zuritzen, eta Altzibarren gora ja, mantso, badaezpada, non eta ez zaren neguko rallyetako gidari trebea. Xoxoka zuri, 240 metro eskas. Ertzainen autoa, arrapaladan niregana. “Egunon, egunon, hau eta beste. Bai, bai, segi lasai”. Abisua jasoa zuten nonbaitetik, nire ustez. Besabin, dagoeneko, lodi elurra. Urnietarrez diogun moduan, lori! Elurra mara-mara, malo malo, eta Besabin salda bero bat hartu ezin. Posible ote?

Azkorte aldera azken buelta. Hemen ere zuri, eta Xoxoka baino dezente beherago. 197 metro. Etxera bueltan watsap talde guztietan argazkiak bidali, eta etxean muturtuta daudenen haserre-bazileoa, mendian edo bizikletan ibili ezin baina ibili ahal izate edozer gauza egiteko gai izango liratekeenak, lanbide zenbaitek etxetik ateratzeko baimena dutela onartu ezinik. ‘Etxean geratu hadi’, ‘ni ere joango ninukek argazki batzuk ateratzera, hori trabajo esencial al duk?’. Horiei guztiei eskuminak, hurrengo elurtera arte. Udazken negura arte, noski. Ordurako, gauzak normal, coronavirus-a historia izango da, eta elurraz gozatzea libre izanen da, denentzat. Elurrak lana ematen digunontzat ere bai.

Erlazionatuak

Argazki ikusgarriak Adarramendi inguruan

Eskualdea

Elurrak agerpena egin du goizean zehar, eta Urnietatik zein Andoaindik argazki ikusgarriak egin ahal izan dira.
Elurra Besabi aldean

Urnieta

Martxoa amaitzen ari da eta elurra iritsi da mendialdera.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!