Lehoiak gara

Erabiltzailearen aurpegia

Ostiral gauean ikusi nuen pelikula txar bat, AEBetako presidentea hiltzeko hamaikagarren konspirazio ez sinesgarria. Bukaeran, hilzorian dagoen gaiztoak heroiari esaten dio: “lehoiak gara, beti”. Eta heroiak arrazoi eman: “Bai, lehoiak gara”. Unibertsitate garaian, 20 urterekin, munduko jabe izango ginela pentsatzen genuen hartan, lagun on batek esan zidan: ‘Urbix, gizakiok lehoiak bezalakoak gaituk. Zer egiten dik lehoiak? Bere leinua, bere familiaren iraupena ziurtatu, emeak ernalduz, eta emeak lapurtzeko grina erakusten duten beste lehoi arrak akabatuz. Bere semeak akabatzeko gai duk, berriro emeak ernaltzeko, pentsa!”.

 

Lehoiak gara. Arrazionalak garela suposatzen da, irrazionaltasuna baztertzeko gai garela, eta ondokoa hil edo jateak suposa dezakeen maltzurkeria ulertzeko gai garela. Berekoikeria alboratzen badakigula. Badira egun batzuk hainbat watsap taldeetan eztabaida interesgarriak ematen direla. Mendira joateak ez diola inori kalterik egiten, egunero ogiaren bila joaten denak erru handiagoa daukala, lantegietan libre dabiltzala langileak, ordu estrak pilatzen…

Ni berekoi bilakatzen ari naiz. Eta martxa honetan txibato edo salataria ere bai. Nazkatzen hasia nagoelako, erabat nazkatu ez banaiz. Hainbat jarrera, agintarien neurri ulertezinak iruditzen zaizkidalako, eta batzuk legeak finkatutako arauak zorrotz betetzen saiatzen garen bitartean, beste batzuek horiek etengabe hausteko tranpatxoak nola egin dabiltzalako. Bai, legea, badakit. Termino zabal hori, nik neuk ere sarri betetzen ez dudana, baina orain betetzea aldarrikatzen dudana… 

Igande goiza. Lagun batek esana. Ogi bila Itxaspera. 150 metro, etxetik. Lau munizipal galdezka, nora zihoan. Atzo gauean zaborra botatzera irten eta nire etxe azpian bost minutuko solasaldia eduki zuen lagun bera. Bosgarren minutuan ertzainen patruila bat, galdezka, etxera joateko, ezin dela jendearekin hitz egiten egon. Nire leihotik beheko aparkalekura sei bat metro egongo dira. Igual da. Pasa etxera, eta azkar!

Igande eguerdia. 1.000 hildako Euskal Herrian. Espainian hildakoak ere gora. Realak entrenamenduak hasiko omen ditu, jokalari bakoitza bere aldetik eta beste inorekin batera aritu gabe. Gobernuak ezetz, kirol instalazioak ezin direla ireki, kutsatzeak saihesteko. Eta asteartean irekiko diren milaka enpresak zer? Kilker soinua: Kri-kri, kri-kri… Hobeto ulertzeko, gaztelaniaz ederki esaten duten moduan: 'Vaya a la ventanilla'.

Ez dago mesetarik, sinetsarazi nahi gaituzten bezala. Noria bat dago, eta kopuruak ez dira onak. Enpresak ezin dira ireki, haietan langileak libre baitabiltza. Lanean bai, baina zigarroa erretzen, kafe baten bila, edo aldageletan lankideekin ere bai. Eta kasu askotan maskaratxo edo esku larrurik gabe! Lanera joateko autobus, tren eta metroak ere jendez beteta. Horietan 1.5 metroko tartea gordeko al dute, tele lanean gabiltzan, edo lanik ez duten herritarrei exijitzen zaigun/zaien bezala? Egon hadi lo, eta jango duk mehe…

Industriak ireki behar dira. Bai edo bai. Kutsatzeak berriro handitu egingo direla? Berdin da. Hildako kopuruak handia izaten segituko duela? Berdin da. Segi lanean! Segi batzuk konfinamenduan, eta beste batzuk lanean libre. Konfinamendua luzatzen bada, izorra hadi! Industria martxan jarri beharra zegoen, nola edo hala.

Berekoikeria latzak botatzen ari naiz, ezta? Horixe bilakatzen ari naiz, berekoi eta txibato nazkagarri bat. Ogi bila joan den lagunak esan dit: “Hi, Urbix, lasai har ezak… Beti egongo duk arauak hausten dizkiken jendea, hik hirea egin ezak eta lasai geratu hadi. Gainera dena eskura daukak: soldata bermatuta, etxean telebista, internet...

Arrazoia dauka.

Baina gauzak gaizki egiten ari dira. Edo gara.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!