Manipulatzen

Erabiltzailearen aurpegia

Igande goiza. Manipulatzen hastera noa. Nahiago nuen mendira bueltatxo bat eman, baina gihar-min latza dut gerrian eta izterretan. Ia bi hilabete zerrigintzan aritu izanaren zehar kalteak. Oraino konturatu ez banaiz ere, aspaldi hasi nintzen manipulatzen, eta goiza pasatzeko aukera ona iruditu zait.

Kazetari eta argazkilariok manipulatu egiten baitugu nahita. Ez al zenekiten? Ba badakizue. Botere hori eman zaigu letrak juntatzen trebezia apur bat dugunoi, argazki kamerako botoiari klik egiten ikasi zuenari.

Testu hau manipulazio hutsa da. Zuek, irakurle maiteok, nik nahi dudana pentsa dezazuen idatzitakoa. Kazetari eta argazkilariok, bizkorrak gu, botere bereziak ditugu zuek guztiok guk nahi duguna pentsa dezazuen. Arlote eta ez jakin hutsak zaretela ziur gaude, ez zaretela gai zuen kabuz zuen iritzi eta pentsaerak edukitzeko, eta horregatik manipulatzera dedikatzen gara.

Adibide sinple bat. EFE agentziako Juan Herrero argazkilariak Zurriolako argazki bat egin zuen teleobjektiboarekin, duela bi aste. Kilometro pasako tartea ikusten zen erretratuan, baina argazkiaren efektuari esker, tarte txikian dozenaka lagun zeudela zirudien. Hori festa sare sozialetan: Montaje bat da, argazkia benetakoa ez, photoshop bitartez moldatua. Argazkilariak jendea engainatu nahi zuen… Juan Herrero urkamendian zintzilikatzera zigortu zuten askok. Aurreiritziz betetako gizartea baikara.

Argazkilari profesionalek esan zuten argazkia benetakoa zela. Eta azalpenak eman. Alperrik! Jendeak ja erabakia hartua zeukan. “Montaje bat da!”. Argazki gehiago egin ziren, eta Zurriolako pasealekuko efektu berarekin: Bartzelonan, jendea paseoan, edota politikariena, mahai bueltan. Lehen planoan Denis Itxaso, eta urrun, oso urrun, Urkullu Lehendakaria. Nahi berezirik ba al zen argazki horretan? Inork ez zuen ezer esan. Urtero, urtarrilean Bilbon presoen Euskal Herriratzea eskatzeko egiten den manifestazio erraldoian ere teleobjektiboak erabiltzen dituzte argazkilariek. Argazkilari batek galdetu zuen sarean, aho bizarrik gabe: “Orduan ere montaje bat dela salatuko al dugu?”. Kri-kri, kri-kri…

Efektu optikoak dira. Inguruan dugun errealitatearekin bat egiten ez duten pertzepzio bisualak. Kito. Kazetari eta argazkilariok nahi duguna manipulatzeko gaitasuna dugun pertzepzioa bezala. Ez baita egia. Kazetari eta argazkilariok nahi duguna esateko, espresatzeko askatasuna dugu, baina ez gara jendeak ateratzen dituen ondorioen erantzule. Ezta gutxiago ere.

Larunbat goizean dozenaka lagun Buruntzan. Gehienak gurutzeraino, alegia, Andoaingo lurretaraino. “50 metrogatik ez da ezer pasatzen…”. Manipulatzen. Adarramendin ere Andoaingo jende asko. Bizilaguna andoaindarra da, eta susmoa baneukan ere, zalantzak argitu dizkit: Adarramendi Andoaingo mendia dela uste du: “Bueno, gailurra ez, baina Leitzaran aldeko magal guztia bai”. Sentitzen dut, andoaindar bizilagun maiteak, baina Adarramendi guztiona izateaz gain, Urnietan dago. Hemen ere manipulazioa ardatz.

Larunbat gauean "I, Daniel Blake" pelikula ikusi nuen telebistan ("Ni, Daniel Blake"). Zuzendaria Ken Loach zelako hautatu nuen. Bihotzekoa eman, bajan sosik kobratu gabe egon, eta langabezia saria eskatzen duen hiritar baten gorabeherak kontatzen ditu. Langabezia bulegoetan eta bertako funtzionarioek bere egoera nola katramilatzen duten, diru laguntzarik jaso ez dezan. Mediku epaitegiaren ez gaitasun epaia jasotzear dela, bigarren bihotzekoa jasaten du, eta hil egiten da Blake. Ni ere konbentzitu ninduen Daniel Blake-ek. Kabroi galantak langabezi bulegoetako langileak, eta Gobernuko arduradunak.

Baina ez ninduen Ken Loach-ek manipulatu, nik neuk nire burua baizik. Iraun!   

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!