Nire butakatxoak

Erabiltzailearen aurpegia

Bazkalostea. Ordu hauetan etxeko sofan eserita, edo erdi etzanda behar nuen Tourreko etaparen bat ikusten. Batzuk hondartza maite dute, besteek kafea tabernako terrazan. Nik etapa osoak ikus ditzaket telebistan, ahalegin oro bi zereginetara mugatuz: sabeleko orroak apaldu, eta behar fisiologikoak ase. Baina aurten uztailean ez dago Tourrik. Eta ekainean Dauphine-rik ere ez. Ezta Suitzako Itzulirik ere. Giroa, Euskal Herriko itzulia eta Romandiako Tourra ere haizeak eraman zituen. Beno, haizeak, edo koronabirusak eragindako pandemiak. Hiru hilabete luze dagoeneko bazkalosteetan txirrindulariak ikusi gabe. Eskerrak Michael Portillo agertu den Viajar telebista katean…

Nire butakatxotik Egunkaria eta Berria kazetetako iritzi artikuluen izena zen. Kirol emankizun garrantzitsuenen inguruko iruzkina egiten zuena. Juan Luis Zabala idazle azkoitiarrak egiten zituenak oroitzen ditut gustura. Hura ere arratsaldeak nola pasa ez dakiela imaginatzen dut orain, ziklismorik gabe pantailan. Nire butakatxotik Burgosko Itzulia, denboraldia hasteko 18 egun bakarrik falta direla jabetu naiz. Ezer ez! Badator sofa kirola… Eta gero sekulako betekada. Egunero probaren bat telebistan, eta zenbait egunetan bi. Eta abuztu bukaeran Tourra! Hiru hilabetetan zortzikoa ikusteko aukera! Eta asko hondartzara joango dira…

Pasa den astean, ekaineko azken egunean, nire kazetari jarduneko egunik garrantzitsuenetakoa bizitzeko aukera izan nuen. Urte batzuk geratzen zaizkit, kontalari lanean, oraindik (6-8 bat urte, espero), baina akaso ez dut halako lorpenik berriro kontatzeko aukerarik izango. Baskoniaren Liga tituluaz ari naiz, noski. Bai, nik ere ez nuen txakur txikirik ematen arabarren alde. Eta zuetako inork ere ez. Pandemiari zukua atera zion. Finala partida bakarrera zela probestu zuen, eta bi asteko norgehiagoka karga handian beste guztiak baino hobeto moldatu zen Dusko Ivanovicen taldea. 10 urte geroago, Montenegrokoa aulkian dela itzuli da Olinpora Baskonia, hilda zegoen aldagela berpiztu ostean.

Kerejetak bere azken bala erre zuen abenduan, Perasovic kargugabetu eta erreskaterako Dusko konbentzituz, eta orain Duskok bizpahiru urterako lasaitasuna bueltatu dio Kerejeta eta bere zuzendaritzari. Ze, gauzak diren bezala, ACB Ligan eta Euroligan dauden talde aberatsen aurrean, Baskoniak zer irabazi asko eta galtzeko gutxi dauka. Orain eta hurrengo hamarkadan. Titulu bat, beraz, sekulako lorpena. Duskorekin lortu zuen 2010eko Liga, Duskorekin bukatu berri dena. Euskaldun unibertsala izendatzea bakarrik falta zaio entrenatzaileari.

2010eko titulua Buesa Arenako harmailetan bizi izan nuen. Marcelo Huertas-ek buruko ilea kendu zuenean, Splitter ile horiak soinetik Brasilgo bandera kentzen ez zuenean, San Emeterioren hiruko jokaldi hura, eta autobusean, taldearen ospakizunean harrapatu zuen mozkorra… Jakina da, dagoeneko, Baskonia dela nire talde kuttunenetakoa, kuttunena ez bada. Baina baditut nire kontradikzioak talde horrekin, ez pentsa.

Baskoniak azken 10 urtetan egin duen basamortuko zeharkaldian asko izan gara kritiko taldeak eraman duen bidearekin, hartu dituen erabakiekin ez ados mintzatu garenak. Noski, taldea ez da geldirik geratu, eta zale eta jendartearen begietara kritikak zilegi edo egokiak ez direla ulertarazten saiatu da bere bitartekoekin, eurentzat mesedegarria den iritzi korronte ofiziala finkatu nahian. Kritikak, edo diskrepantzia, normalean, ez baitira ongi etorriak izaten kirol talde profesionaletan. Baskonian ere ez, noski.

Badakizue, beraz: irin guztiak ez dira zuri Baskonian. Taldea kritikatzeak kazetari zenbaiten adierazpen askatasuna mugatu izana ekarri du. Mugatu, espresatu nahi zuena moldatu behar izan duelako, edo bere iritzia publiko ez egitera behartua sentitu delako. Pentsatzen zuena publikoki esan izan balu agian bere jardun profesionala kaltetua izan zitekeelako. Garbi esanda, isilik geratu behar izan duela, edo mutu. Kirol kazetaritzak halako ertz ezezagunak ditu, irakurle maite, eta zehar kalte horiek gehiago sakondu ez daitezen, txoko honetan zuei arrasto gehiago ez ematea, onena.

Kirol taldeetako prentsako kideek han eta hemen zer esan eta idazten den zaintzen dute zorrotz egunero. Dena dute kontrolpean. Prentsa arduradunak iritsi zirenetik elkarrizketa pertsonalak bukatu ziren komunikabideentzat, agerraldi publikoak ere tantaka, eta medio zenbaitentzat pribilegioak, eta besteentzat lehortea. Ondo edo gaizki portatzen bazara, bata edo bestea. Baskoniaren kasuan, taldearen martxa jarraitzen duten kazetariek pasatzen dituzten miseriekin gogoratzen naiz egun hauetan, euren eguneroko jarduna amesgaiztoa bilakatzen delako sarri. Kuriosoa da talde baten jardunari loreak botatzen dizkiozunean munduko kazetari onenaren pare sentiarazten zaituztela klub horretan. Hori bai, hitz itsusiak botatzen dituzunean zerrenda beltzean sartuko zaituzte berehala. Kirol talde profesionaletan prentsako taldeak nahi duen mezua bakarrik zabaltzen da. Hortik aurrera iluntasuna dago.

Baskoniak euskararekiko daukan jarrerarekin ere kritiko izateko baliatu nahi nuke leiho hau. Hutsaren hurrengoa baita. Txio bakanen bat, oso noizbehinka, eta idazten duten hori ere nahiko euskara kaskarrean. Egurtu dute Baskonia sareetan, baina ez dute ezer egiten, euskara ez baita lehentasuna eurentzat. Eta hala ere Baskonia zaletasuna bizirik mantentzen da nigan. Sentimenduak, kirolarien talentua bezala, iraun egiten baitu, trabak traba.

Kazetaritzak, zorionez, mila aurpegi ezberdin ditu, eta hainbat kirolarirekin filtrorik gabe mintza zaitezke oraindik lasai-lasai kalean, prentsa arduradunen hesia gainditzeko beharrik gabe. Bada Urnietan mutiko bat, distira berezikoa. 1.77 neurtuta ere eskasa ematen duena. Meharra, hanka mehea, herriko zaharrenek esango luketen bezala. Larunbatean erremonteko binakako txapelketako finala jokatzeko finalerdia dauka, Galarretan. Urriza handiaren aurka. Astelehenean kalean topatu nuen. Kontu kontari. “Zubiri Urrizaren bikotea baino gehiago gara (bera eta Larrañaga bikotea), eta Urrizari bere jokoa egin ez dezan saiatu behar dugu. Finala jokatzeko aukera daukagu”, bota zidan, tinko, ziurtasunez. Pasioa transmititzen du mutilak, ilusioa, gauza handiren bat egiteko. Imanol Ansa da.

Mattin Mujika zena izan genuen ahotan. Urnietako azken txapeldun handia erremontean. Abenduan 30 urte bete ziren, binakakoa irabazi zuela. Lau urte geroago, minbizi madarikatuak eraman zuen betirako, gazte-gaztea zela. Imanolek ez zuen Mattin Mujika ezagutu. 1995ean jaioa da, Mattin zendu eta bi urte geroago, baina haren izena sarri entzuten du. Bere osaba eta erremontista zaleen ahotik, ziurrenik. 24 urterekin final handi bat jokatzea sekulakoa litzateke. Imanol, Mattin zena bezala, txikia baita. Txikia bai, baino eskasa ez. Goitizenik ez du, momentuz, Ansa II.-k. Mattin zenari txintxoa esaten omen zioten. Dohain horretan Mattinen antza du Imanolek.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!