Pogacar, Hirschi, Roglic, Landa eta zale guztiok, garaile Laruntzen

Erabiltzailearen aurpegia
Argazkia: rtve

Esloveniar gaztea nagusitu da oilarren arteko esprintean, maillot horia eskuratu Roglic herrikideak, eta txalo zarta handia irabazi du Hirschi gazteak; Landa eta Bernal ere bikain aritu dira

Jarrerak balio du, ez gara nekatuko hori esaten. Jarri 200 mendate, ziklistek nahi ez badute jai baitago. Peyresourde-en gertatu zen txikizioa atzo, eta Marie-Blanquen gaur. Jakina. Isarbeko Bidean eta Soudet-en gora, azken mendatea baino lehen zeuden bi menditzarretako desgasteak ere eragina izan du, baina etapa Roglic-ek eta Jumbo-Vista taldeak lidergoa hartzeko erakutsitako grinak bilakatu dute zoragarri. Eta aurrez, noski, Marc Hirschi suitzarraren balentriak. Merezi zuen, bada, Sunwebekoak garaipena, 100 kilometroko ihesaldia burutzear izan baita. Isarben egin du martxa bakarrik, Kamna, Pinot eta beste lehertuta. Erokeria zirudien, bera bakarrik aurretik zuen guztiarekin, baina Nizako lehen etapan erakutsi zuen, dagoeneko, Bernakoak, zertarako gai den.

Segundoak eta minutuak pilatzen joan da Hirschi kilometroz kilometro. Gorantz sendo, ordekan erlojupekoko espezialista petoaren traza, eta maldan behera sofatik salto egiteko moduko trebezia bihurgune gaizto eta bustiak hartzerakoan. Lau minutu kendu dizkio zaldi indartsuak zeuden taldetxoari, Fraile eta Castroviejo tartean, eta tropela ere ia bost minutura eduki du. Baina Arette-etik Marie-Blanque altzora dagoen tarteak erre egin du Hirschi. Jumbok egurrean egin ditu kilometro horiek, batez ere Marie-Blanque aurreko ordekatxoko dozena erdia. Hiru minuturekin ekin dio suitzarrak zerura eramango zuen mendiko pankarta. Segundoak behera, etengabe. Gesink aurrena, Van Aert gero, Sepp Kuss eta Tom Dumoulin azkena. Roglicen erasoaren iragarle behar zuen Herbehereetako taldearen taktikak, baina Pogacar gazte 'harroak' hartu dio aurrea. Eraso horrek lau indartsuenak utzi ditu Hirschiren atzetik. odol garbiko zaldi bikainak: Roglic, Pogacar, Bernal eta Landa.

Atzetik errosarioa, baina minutuko tartean denak, baita Yates liderra zena ere. Eta Hirschi 15 segundoko errenta txikiarekin Marie-Blanque gainean. Helmugara 18. Jaitsiera eroa egin du berriro gazteak, eta helmugarako 7.5 kilometro falta zirela minutu erdia ateratzen zion jazarpenean zetorren laukoteari. Quebrantahuesos egin duen orok badaki, ordea, Marie-Blanque mendateko jaitsiera bukatu eta Laruntze arteko bidea taldean egitea komeni dela, bakarrik indar asko xahutzen dela gorantz egiten duen sasi ordeka delako. Hirschi itotzen joan da metroz metro. 25 segundo, 18, 11... Kilometro eta erdira laukotearen hatzaparretan jausi den arte. Eta halere, arnasa hartu eta esprinta berak hasi du. Metro batzuk sobratu zaizkio, eta tropelean etorkizun distiratsuena duen gazteak, Pogacarrek, eta maillot hori berriak, Roglicek bakarrik hartu diote aurrea. Zale ororen txalo zarta merezi du Hirschik, irabazi gabe ere.

Pirinioek irekia uzten dute erabat Tourra. Roglic sendo dago, baina Bernal pixkanaka hobera egiten ari dela dirudi. Pogacar-ek ere gazteen atrebentzia du sobera, eta Mikel Landa arabarra neurri bikaina ematen ari da. Arabarrak segundo batzuk irabazi ditu, baina momentuz 10. da sailkapen nagusian, 1.43ra. Ezer ez tropelak aurretik daukan guztia aintzat hartuz gero. Bihar lehen atseden eguna izango dute txirrindulariek, ondo merezita. Etzi bi uharte lotuko dituen etapa jokatuko da: Oleron-en hasi, eta Re-n bukatu, erabat laua eta haizearen esperoan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!