Miguel Angel Lopezek erakustaldia eman du, Roglic-ek Tourra erabaki, eta Landak podiumari agur esan

Erabiltzailearen aurpegia
©rtve

Kolonbiarra izan da indartsuena La Lozeko igoeran, eta atzean utzi ditu aurkari denak; Roglic-ek urrezko 20 segundo jan dizkio Pogacar-i, eta Landak ezin izan du Bahrein taldearen lan bikaina errematatu

Iragarrita zegoen, eta hala izan da. La Loze mendatetzarreko ailegaerak gauza asko argitu ditu, den-dena azken lau kilometroetan bakarrik erabaki bada ere. Noski, aurreko 75 kilometroetan ere jendea nekarazi du Bahrein taldeak, Madeleinen eta La Loze-n gora erritmo bizia jarrita, baina azken lau kilometroetan lehertu da erauntsia. Pogacarrek David de la Cruz taldekideari agindu dio erritmoa bizitzeko, eta haren pedal kolpe biziarekin hasi da sakabanatzen nobleen multzo txikia. Miguel Angel Lopez-ek jo du hurrena, eta Kuss, Roglic eta Pogacar bakarrik izan dira kolonbiarraren gurpila jarraitzeko gai. Ezinean geratu dira Landa, Yates, Porte eta Rigoberto Uran. Kuss saiatu da, Roglic nagusiaren baimenarekin, baino erraz atera da bere bila Lopez, eta ondoren atzean utzi. Roglic, bere aldetik, Pogacar urruntzen saiatu da, eta lortu du. Aurretik Lopez, dozena bat segundora Roglic, eta beste hainbestera Pogacar. Horrela egin dituzte podiumeko hiru kosken jabeek azken hiru kilometroak.

Helmugan, gainsariak barne, 19 segundo irabazi ditu Astanako kolonbiarrak liderrarekiko, eta liderrak, aldiz, Pogacarrekiko, beste 17 segundo. 57 segundoko errenta du orain Roglicek Pogacarrekiko eta 1.26koa Lopezekiko. Garaipena oso bideratua du Roglic-ek, Pogacar adina badelako erlojupekoan. Lopez garaileak ere nahiko bideratua du podiuma, baina Richie Porterekiko duen aldea handitzen saiatu beharko luke biharko etapan. 1.39ko errenta du, baina Porte gai da kolonbiarrari bi minutu lapurtzeko larunbateko erlojupekoan. Yates, Uran eta Landaren kasuan, oso zaila da podiumera igotzeko aukeraren bat izatea. Iraultza handi bat gertatu beharko luke biharko etapan, baina batek daki. Landak huts handia egin du Tourreko etapa nagusian. Bahrein taldeko kideak leherrarazi ditu, ustez erasoa jotzeko, baina ez du jo, eta oilarren arteko lehen erritmo aldaketan porru eginda geratu da. Nabarmentzekoa, batez ere, Pello Bilbaok egin duen lan ikusgarria.

Etapa nagusia bai, gaurkoa, baina biharkoarekin kontuz. Azken bala da euren posizioa hobetu nahi duenarentzat, eta gaur gaizki ibili direnak, edo neurria eman ez dutenek, ordaina hartu nahiko dute bihar. Eta ibilbidea, egon, badago. 175 kilometro Meribel eta La-Roche-Sur-Foron artean, eta bost mendate bidean. Lehen mailako Cormet de Roselend ezaguna denetan lehena, mina egiteko edo ihesaldi arriskutsuak sortzeko aproposa. Ondoren hirugarren, bigarren eta lehen mailako bana igaro beharko dituzte ziklistek, eta azkena maila bereziko Plateau des Glieres. Laburra da, sei kilometro baino ez, baina batez besteko desnibela %11.2koa da, eta %13 eta 15eko pendiz ugari du. Gailurrean gainsariak daude, helmugan bezala, eta pankartatik pasa ondoren bi kilometro sterrato edo asfaltatu gabeko bidean. Gailurretik 30 kilometro luze daude helmugara, baina 24 beherantza, eta ziurra da Tourreko maila bereziko azken mendatean sua piztuko dela.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!