Azken gerri kolpearen garrantzia...

Erabiltzailearen aurpegia

Arnaud Demare frantziarrak irabazi du etapa, foto finish-ean zentimetro apur batzugatik Sagan eta Ballerini menderatuta; Thomasek Giroa utzi du

Jar ditzakezu 500 kilometroko etapak, hamar mendate, dozenaka tranpatxo... eta dena azken gerri kolpean erabaki, abiadura 70 kilometro ordutik gertu dagoenean. Siziliako azken etapako esprinta oso oso itxia, parekatua izan da, eta epaileek bospasei minutu behar izan dituzte garailea erabakitzeko. Sagan-ek metro erdiko aldea zeukan 50 metroren faltan, eta berea zirudien garaipenak, baina Demare-ek eta Ballerinik ez dute etsi, eta azken gerri kolpean Demare frantziarrak gurutzatu du helmugako marra aurrena. Sagan nahi eta ezin dabil, berriro bigarren, baina gaurkoan garaipenetik oso oso gertu. Ballerini sailkatu da hirugarren.

BORA taldeak lan handia egin du etapako hirugarren mailako mendatean, Gaviria, Hodeg eta Viviani atzeratzeko, eta lortu du. Arnaud Demare ere atzeratu nahiko zuten ziur aski, baina Groupamako frantziarrak asko hobetu du bere errendimendua aldapa txikietan eta mendate etzanetan, eta onenen taldean pasa da mendiko pankartapetik. Jaitsiera irristakorra zegoen, lanbroa, eta Ciccone eta Nibali Trek taldeko bikoak estutu egin dute tropela. Ez da erorketa larririk gertatu, eta bailarara bueltatuta, egurrean jarraitu dute BORAk eta Groupamak, Gaviria eta Hodeg tropel nagusian sartu ez zitezen. Lortu dute, baina loria bakarrak eraman zezakeen, eta Demare izan da. Helmugan zintzo izan da Nono Demare, denboraldi honetan haizea alde duela dabilela, eta gaur, oso maldan gora jarri zaion garaipena lortu ahal izan duela azken uneko gerri kolpeari esker. Joao Almeidak eusten dio lidergoari, Jonathan Caicedo tarteko helmugan segundoren bat lapurtu eta maglia arrosa bereganatzen saiatu bada ere.

Bihar bosgarren etapa jokatuko da, Giroko luzeenetakoa, Italiako oinetakoko punta betean: Mileto-Camigliatelo Silano. 225 kilometro luze, eta ibilbide benetan gogaikarria ziklistentzat. Etengabeko gorabeherak, eta 3.000 metrotik gorako pilatutako desnibela. Hirugarren mailako bi mendate daude ibilbide erdian, eta helmugatik 15 kilometrora Valico di Montescuro mendatea pasako dute, lehen mailakko mendate serioa. Honatx bere zenbakiak: 20 kilometro gorantz, eta %5.7ko batez besteko malda. Gainetik dena beherantz. Etapa ehiztarientzat ibilbide aproposa, baita oilarren bat mugitzen saiatzeko. Simon Yates izan liteke hautagaietako bat, Erresuma Batuko ordezkari bakarra, Giroa irabazteko, Thomas-ek Giroa utzi ostean. Pelbiseko hausturak ezinezko egin du galestarrak lasterketan jarraitzea.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!