Filippo Gannak 'paura' ematen du!

Erabiltzailearen aurpegia

Italiarrak bere bigarren etapa irabazi du, 20 kilometroko mendate etzanean ihesaldiko eta tropeleko kide guztiei iskin eginda; mugimendurik ez, onenen tropelean

"Cosa hai fatto, Filippo", esango zioten taldekide, kirol zuzendari eta lagunek Filippo Gannari Giro honetako bere bigarren etapa irabazita. Erakustaldi handia egin baitu 1.94ko mutil kankailuak. Erlojupekoan abila dela ezaguna da, baina mendian tamainako neurririk eman zezakeenik ez... Egia da Valico di Montescuro mendate etzana dela, apenas %5.7ko batez bestekoa, baina iraun egin du ihesaldian, eta iraun egin du tropeletik bi ziklista hurbildu zaizkionean: Thomas De Gendt eta Einar Rubio. Gannak tropeletik lasterketa burura iritsitako bikote horretako haserrea baliatu du, erasoa jo eta bakarrik hanka egiteko. 40 segundoko errenta lortu du berehala, eta akabo, eroso iritsi da helmugara, oilarren hozkadatik salbu. Idolo berria esnatu da azzurrien herrialdean!

Aparteko atala merezi du Movistar eta Einar Rubioren jardunak. De Gendt-ek erasoa jo du azken mendatea hasi eta berehala. Movistarreko Einar Rubiok bakarrik eutsi dio. Kolonbiarrak ez dio errelebo bakar bat bera eman, autoko aginduak jarraituz. Bikote horrek bat egin du ihes zihoazen guztiekin. Han zen Carretero Rubioren taldekidea, baina espainiarra atzean geratu denean ere erreleborik ez du eman Rubiok. De Gendt-ek eta Rubiok Ganna bera atzean utzi dute, baina orduan ere Rubio bere gurpilera itsatsita joan da beti, musu truk irabazi nahiko balu bezala. Erreleboak eskatu dizkio, eta kolonbiarrak ezetz. De Gendt haserretu den arte. Geratu egin da, Ganna sar zedin, eta italiarra eurengana iritsi eta erasoa jo duenean Einar Rubiori esan dio bera joateko Ineos taldekoaren bila. Rubio, jakina, geldi. Gannak ia minutuko aldea zeukanean jo du erasoa Rubiok, inork ulertu ez duen taktika traketsean. Tamalgarria, benetan, Movistar taldeak eta hainbat ziklista kolonbiarrek lanik egin gabe irabazteko nahia. Sailkapen nagusian ez da aparteko gauzarik gertatu. Pello Bilbaok postu bat irabazi du nagusian, hirugarrenetik bigarrenera, eta Joao Almeidak aise eutsi dio lidergoari.

Bihar seigarren etapa jokatuko da, Castrovillari-Matera, 189 kilometro gorabeheratsu. Hirugarren mailako mendate piko bat dago helmugatik 27 kilometrora, eta etapako azken sei-zortzi kilometroak ere goranzko joera dute. Diego Ulissirentzat aproposa dirudi, ihesaldiak arrakastarik ez badu.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!