Talentua ez delako inoiz desagertzen, Saganen erakustaldia

Erabiltzailearen aurpegia

Eslovakiarrak 13 hilabete eta bi eguneko lehorteari bukaera eman dio Tortoreton, ihesaldia errematatu, etapa ikusgarria osatu eta oilarren azken erasoaldiari bikain eutsiz; Mitchelton eta Jumbok Giroa utzi dute, COVID-arengatik

Kilo pare bat galduko zituen Peter Saganek etapa bihurrian, eta beste pare bat helmuga garaile lasai gurutzatu ostean. Pisu latza kendu baitu gainetik eslovakiar txapeldunak. Norbaitek garaipen premia baldin bazeukan Sagan zen, nahi eta ezin ibili baita iazko uztailaz geroztik, bigarren postuak pilatu eta pilatu. Giroan ere ernegatu antzean zebilen, Arnaud Demare menderatu ezinik. Taldea erre zuen, frantziarra belaunikarazteko itxaropenez, baina ezin zuela jabetu eta beste taktika bat probatu du gaur: ihesaldian sartu, klasikoetako ibilbidek bihurria baliatuz, eta munduari aurre eginda etapa irabazi du. Mundua baita ihesaldian sartu eta Groupamaren jazarpen erritmoaren aurrean irautea, frantziarrek etsi duten arte. Munduaren aurka egitea baita Ganna, Swift, Clarke eta beste zaldi indartsu guztiak baino gehiago izatea ihesaldian, eta munduaren aurka aritzea tropeletik hozka zetozen otsoak bere parera iristea galeraztea. Pello Bilbao, horietako bat. Gernikarrak 10 segundo eskasera izan du Sagan, baina ezin izan du harrapatu, eta Sagan-ek merezita irabazi du. Bere 114. garaipena da, 17. itzuli handietan, eta hiruretan gutxienez garaipen bat lortzen duen historiako 100. ziklista.

Oilarren artean ere albo kalte batzuk eragin ditu bukaera pikoak. Vanhoucke atzean geratu da azken mendatean, eta ia lau minutu galdu helmugan. Fulgsang-ek ere gurpila zulatu du azken jaitsieran, eta ia minutu eta erdi galdu du beste faboriotekiko. Almeida liderrak, aldiz, sendo jarraitzen du, eta helmugan beste lau segundo irabazi ditu gainsarietan. Sailkapen nagusian hirugarren postuari eusten dio Pello Bilbaok, eta Vanhoucke eta Fulgsang Top 10etik desagertu dira. Nabarmentzeko modukoa etapa hasi aurretik gertatutakoa, atzo egindako PCR proben emaitzek zortzi positibo utzi baitituzte, tartean Michael Matthews eta Steven Kruswijk-enak. Horren ondorioz, Jumbo Vismak Giroa uztea erabaki du, eta Mitchelton-ek ere antzeko erabakia hartu du, osasun arrazoiak argudiatuz.

Bihar Porto San Elpidio eta Rimini arteko etapa korrituko da, hamaikagarrena, 182 kilometrokoa, eta itxura guztien arabera esprintean bukatzeko modukoa.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!