Segundoak baino ez, munduko mendate gogorrenean!

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2020ko aza. 1a, 17:53

Carapazek eskuratu du lidergoa, eta Hugh Carthyk irabazi etapa; estutu egin da sailkapen nagusia, hiru lagun minutu erdian, baina Roglicek 31 eskutik du oraindik

Angliru gora eta Angliru behera, baina erlojuak ez du engainatzen. Kotoiak bezala, iragarki famatu hartan esaten zenez. Angliru superbibentzia mendate bat da, erasotzea ezinezkoa dena, ia, bakoitzak nahikoa baitu hanka lurrera bota ez eta bizikleta gainean mantentzearekin. Indartsuenak 7 edo 8 kilometro orduko abiaduran igotzen dira, eta okerxeago doazenak 6.5 kilometro ordura. Diferentziak, beraz, eskasak izaten dira, taldekideek egin dezaketen desgaste lana ere hutsaren hurrengoa delako. Munduko mendate gogorrenean 10-20 segundoko aldea egon da onenen artean, eta Angliru baino askoz erabakigarriagoa izango da Ezaroko kronoa, etzi, edo akaso Erdikaldeko Mendikateko bi etapak. Formigalen tarte handiagoak egin ziren, eta gaurko mendatetzarrik gabekoa izan zen etapa hura. Mina, diferentziak 200 kilometroko etapetan, eta mendate luzeak lotuz jartzen diren etapek egiten dituzte, ez 100 kilometroko etapak, bukaera Angliru famatuan izanda ere. Izana baino izena duten mendateak baitira.

Sailkapen nagusiko lehen sei-zazpi lagunak ikusi dira azken zazpi kilometroetan, kalbario latza pasatzen. Roglic-en krisialditxoa jasan du, baina Sepp Kuss taldekideak lagunduta eguna libratu du, eta astearteko erlojupekoa gogoan, esloveniarrak 31 eskutik du Vuelta eskuratzeko. Anglirun Carapaz-ekiko galdu dituen 10 segundoei erraz emango dielako buelta, eta 1.30 inguru sar diezaiokeelako ekuadortarrari. Zuhurrago ibiltzeko moduko aurkaria da Hugh Carthy ingelesa, atzoko etapa garailea. Indartsuena izan da azken bi kilometroetan, eta errenta polita kendu Roglic liderra zenari, mintu erdia ia. Nagusian 32 segundora kokatu da Education First taldekoa. Ez dirudi Dan Martin podiumeko jokoan sar daitekeenik, erlojupekoan baldar samarra delako, eta Movistar taldeko Enric Mas ere ez, 1.50era dagoelako, dagoeneko.

Bihar bigarren atseden eguna beteko du Vueltak, eta asteartean, 33 kilometroko erlojupekoa, Ezaro behatokian. Roglicen oso aldekoa, lehen 31 kilometroak lauak baitira. Galiziako etapa bihurriak etorriko dira astegunetan, ondoren, eta Salamancako mendiak ostiral eta larunbatean. Roglicena da Vuelta, %90ean.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!