Isiltasunak

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2021ko mar. 26a, 09:00

20 urte pasa dira. 20 urte testu hau idazteko, barruan gordeta ditudanak askatzeko. Aspalditik daukat arantzatxoa hor nonbait, bihotzean edo ariman. 20 urte dira ETAk Froilan Elespe PSE-EEko zinegotzia erail zuela Lasarte-Orian. Larunbata egokitu da aurten, martxoak 20 dituela. Erailketa hark ekarritako isiltasunak ekarri nahi nituzke gogora. Nirea, garrantzitsuena. Nireak eragindako beste batzuk. Hitzik esan gabe geratzeak ekarri zituzten begirada sakonak.

Atentatuaren egunarekin oroitzen naiz. Egunkarian ari nintzen lanean. Atentatuaren berria iritsi zen. Andoni Elesperen neska laguna izan zenari, Maider Ziaurrizi deitu nion berria emateko, eta 'shock' egoeran geratu ginen biak. Ziur aski bezperan, edo azken asteburuan Andoni eta Josurekin egon ginelako Xauxar tabernan mundua konpontzen. Zulo hartan orduak eta orduak pasatakoa bainaiz, bi elespetarrekin.

Ezagutzen nauenak badaki zein iturrietatik edan dudan nire pentsaera politikoa edukitzeraino. Izan lagun giroagatik, edota familian eta lagunartean gertatutako tortura kasuengatik. Lizarrako etenaren ostean ekintza armatuari berrekin zion ETAk, eta ez nintzen ados erabaki harekin. Giro horretan etorri zen Froilan Elesperen atentatua. Eta atentatuarekin, haustura eta urruntzea Elespe anaia biekin. Ulertzekoa, zure aita erail eta egunero kafea hartzen duzun tabernan halako ekintzak ulertu edo hauspotu zitzakeen norbait egoteko arriskua bazegoen, ezta?

Josu eta Andoni desagertu egin ziren. Eta han geratu ginenok ezer gertatu izan ez balitz bezala jarraitu genuen kafea hartzen, egunero. Isilik geratu nintzen ni, eta ziren asko. Nirea bakarrik epaitzea dagokidanez, isiltzeko erabaki hori urtetan zamatu izan dudala esan nahi nuke. Elespetarrekin solasaldi bat izateko gogoz, baina solasaldi hori gauzatzeko mugimendurik, keinurik egin gabe. Ez bainekien zein jarrera erakutsiko zuten Andonik eta Josuk nirekiko. Akaso popatik hartzera bidaliko ninduten, eta beldur horren aurrean, begiak itxi eta urteak pasatzen utzi nituen.

Bizitzak gurutzatu gintuen noizbait… bainao pausoa emateko kuraiarik ez. Bazegoen deabrutxo bat, nire buruan, ‘ez hadi joan berarengana, haserretzen bada zer?’, esaten zidana. 2013 edo 2014an, EHBilduko zinegotzi nintzela, elkarbizitza ekitaldi bat egin zen Saroben. Han azaldu zen Josu, neska-lagunarekin, eta hurbildu nintzen. Harrera beroa egin zidan, korapiloa askatu nuen, eta barrunbeetan tenkatuta zegoena bota. Eskertu zidan, eta bi minututan 15 urteko jauzia eman genuela esango nuke.

Azken urteetan Andonirekin kafe pare bat hartu ditut, eta pendiente daukagu babarrun jate oparo bat Besabin. Josu Anoetan ikusi izan dut, Realeko partidaren bat ikustera joan naizen apurretan. Kasualitatea, ni eseri izan naizena baino hiruzpalau ilara beherago. Atsedenaldian zigarro bat erretzera irteten da Josu, eta berarekin egon nintzen hitz eta pitz. Egun hartan Realaren emaitza bigarren maila batean utzi nuela esango nuke (irabazi egin zuela uste dut).

Larunbatean 20 urte bete ziren Froilan Elespe erail zutela. Besarkada mezua bidali nien bi anaiei. Whatsappez, modu pribatuan, eta Twitter sare sozialean ere bai, publikoki. Biek erantzun zuten. Jarraituko dugu hizketan, eta zauriak, baleude, erabat ixten saiatzen. Ahaleginak merezi duelako.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!