Esloveniako Starsky eta Hutch; Pogacarrek etapa, Roglicek Itzulia

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2021ko api. 7a, 18:01

Nahieran aritu dira egun munduko bi txirrindulari indartsuenak direnak, Ermualden; Inork ez die eusteko indarrik izan, eta euren artean erabakiko da Itzuliko garailea

Halako nagusitasuna erakusten denean, onartu beste erremediorik ez dago. Ez dago tropelean Esloveniako bikoteari zirkinik txikiena egingo dion ziklistarik. Nahierara dabiltza bata eta bestea aurkari guztiekin, bata bestearekin izan ezik. Hain nagusi dira, eraso guztietan erraztasun handiarekin uzten dituztela aurkari guztiak atzean. Euren arteko zaintzak besteei hurbiltzen uzten die, baina berriro jotzen dutenean, akabo. Beste guztiak bi morrosko esloveniarren ipurdiari begiratu beste aukerarik ez dute, oso nagusi direlako. Pogacar eta Roglic izan dira indartsuenak, eta euren artean banatu dituzte eguneko sariak. UAE-Emirates taldeko gaztearentzat etapa, eta Roglic zailduarentzat lidergoa, eta aurrerapauso sendoa Itzulia irabazteko, 20 segundora baitauka Pogacar. Rusty Woods zen eguneko beste faboritoa, baina Kanadakoa muturrez aurre joan zen Laudioko kaleetan, eta bi estralurtarrei aurre egiteko moduan izango zen jakin gabe geratuko gara, zoritxarrez.

Etapak zazpi abentura zaleren ahalegin ausarta eman du. Han ziren Gotzon Martin, Euskaltel-Euskadiko Orozkoarra, eta Oier Lazkano Caja Rural taldeko gasteiztarra. Tropel nagusia despistatu egin da apur bat, zazpi minutuko abantaila eman dielako. Ondoren lana beltz egin behar izan dute morroiek, aurreko zazpiak harrapatzeko, baina lortu dute Markuartu bigarren mailako mendatea igotzen hasi aurretik. Bizi-bizi igo dute mendatea, eta Laudioko kaleetan tentsio latza izan da tropel buruan. Carapaz mugitu da aurrena, baina Pogacarrek zeukan lema. Berak jo eta Roglic bere bila irten. Eta besteak begira. Roglic liderra Pogacar zaintzera mugatu da, ez du beste gurpilik zaindu. Etapa garaileak helmugatik 400 metrora jo duen erasoan bere gurpilera itsatsi, eta haren atzetik helmugaratu da. 20 segundo errenta ona da, tentuz kudeatzeko modukoa, bihar eta etziko etapetan, eta teorian, gainsariak beste txirrindulari batzuen artean banatuko direlako. Roglicen eta Jumbo Visma taldearen buruan Arraten gora Pogacar-ekiko 16 segundo baino gehiago ez galtzea dago, Pogacarren atzetik helmugaratzea, gainsariak baleude, eta taktika hori muturreraino eramango dute. Esloveniako bikotearen atzetik daudenek jai dute, ezusteko handiren bat gertatzen ez bada.

Bihar laugarren etapa jokatuko da, 187 kilometro Gasteiz eta Hondarribia artean. Beterri eskualdea zeharkatuko du Itzuliak hego-ipar norabidean, Tolosatik barrena. Anoetan Alkiza igoko dute, eta handik Zizurkil, Villabona, Andoain eta Urnieta, arratseko hiru terdiak eta laurak artean. Ondoren igoko dituzte lehen mailako Jaizkibel, Lezotik, eta Erlaitz gaiztoa, Irundik. Gainetik, baina, 23 kilometro luze daude helmugaraino, eta ez da erraza izango bakarkako ihesaldiek arrakasta izatea. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!