Otsoak taldean menderatuko dituena ez da jaio!

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2021ko api. 9a, 17:52

Erakustaldia eman du Deceuninq-Quick Step wolfpack indartsuak Ondarrura bidean, eta maila handiko ihesaldiari erremate zoragarria eman

Otsoak errespetua sortzen du, beldurra ez denean. Lau hankadun hori naturan bizi den ehiztari eraginkorrenetakoa da, batez ere taldean egiten dutelako lana, bazka lortzeko. Txirrindulari tropelean ere ondo irabazita dute otso talde goitizena Deceuninq-Quick Step taldekoek. Talde lanean aritzen direlako, denak momentuko liderraren mesedean. Erremate bikaina ematen ezin hobeak dira, Ondarrun bukatutako etapan ikusi ahal izan den moduan. Jakina zen ihesaldi batek helmugara iristeko aukera zeukala gaur, eta hala izan da. Ihesaldi sendoa, zaldi indartsuek osatutakoa izango zela ere aurreikusteko modukoa zen, eta hori ere bete egin da. Deceuninq-ek bi sartu ditu, bi mando, odol garbiko bi zaldi: Cerny eta Mikkel Frolich Honore. Ineos-ek Andrey Amador, tropeleko morroi estimatuenetakoa. Trek taldeak Bernard eta Borak Ide Schelling. Mutikote indartsuak denak. Tropela jakitun zen horretaz, eta ez die tarte handirik eman, badaezpada. Hiru minuturen azpitik mantendu dituzte beti.

Jazarpenean, esprinta bilatzeko, talde askok egin dute lana: Euskaltel-Euskadi Aristirentzat, Caja Rural Jon Aberasturirentzat, Israel Daryl Impeyrentzat, eta Education First Magnus Cort Nielsenentzat. Astana ere bai, tarteka, erreleboren bat ematen. Dozena erdi lagun atzean, eta dozena erdi aurrean. Sokatira ederra, baina azkar ikusi da aurrean su handia zegoela ihes zihoazenen hanka zuztarretan, segundoak oso gutxinaka jan dituelako tropelak. Urkaregi gainean jaitsi du lehen aldiz tropelak minutu bateko atzerapena. Gainetik, dagoeneko, seikotea hirukotea zen, baina hirukoteko bi wolfpack-eko kideak: Honore eta Cerny. Bernard ere bai, baina justu antzean, ordurako. Jaitsieran Astanako Alex Aranburuk eta Omar Frailek jo dute aurrera, bizi arriskuko jaitsiera eginez. Aurreko hirukoari 10-15 segundo kenduta ere, Elgoibarko zelaian hirukoak 45 segundo zeuzkan oraindik, eta tropela 1.20ra zen. Hego haizeak airean eraman du aurreko hirukoa Debaraino, eta Astanako bikoa eta tropelaren ahalegin oro alferrikakoa izan da. Mutrikun gora, Deceuninq taldeko bi morroskoak nahieran utzi dute atzean Bernard, eta biak elkarri besarkatuta helmugaratu dira, garaipena Honore gazteak eskuratuz. Sailkapen nagusian ez da aldaketarik egon.

Bihar Itzuliko azken etapa korrituko da, denetan gaiztoena: Ondarrun hasi, eta Arrate gainean bukatu. 111 kilometro baino ez, baina ibilbide benetan exijentea. Zazpi mendate gainditu beharko ditu tropelak guztira: hirugarren mailako hiru (Arribinieta, Elkorrieta eta Trabakua), bigarren mailako Elosu, eta lehen mailako Azurki, Krabelin eta Usartza. Helmuga Usartza pasa eta bi kilometrora egongo da, Eibarko Arrate Santutegian. Sailkapen nagusiko tarteak ez dira handiak, eta goizean taldeetako kirol zuzendarien buruhausteak latzak izan daitezke, taktikak prestatzen. Ion Izagirrek berak Itzulia irabazteko aukera izan dezakeelako, bi urte atzera bezala helmugatik urrun sortutako ihesaldi baten bitartez. Roglicek ere jo beharra dauka, eta ziur asko Usartzako azken igoera baino lehen, azken igoera etzanagoa delako eta McNulty liderrak eutsi egin diezaiokeelako. Pogacar-en itzala ere gertu sentituko du beti Roglicek. Akaso Jumbok Vingegaard bidaliko nahiko du aurretik, UAE Emirates urduritzeko. Pello Bilbaok ere arrantza ona egin dezake urak nahasten badira. Eguraldi nahasia baino epela espero da. Erauntsi giroa nagusituko da, baina litekeena da etapa bukatu arte eustea, euririk egin gabe.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!