Gorde, ez galtzeko!!!

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2021ko uzt. 12a, 18:56

Azken asteari ekingo dionTourrak bihar, Pirinioetako hiru etapa eta larunbateko erlojupekoarekin, baina garailea erabakita dago; podiuma nork beteko duen geratzen da argitzeko, baina zaila da aldaketa asko egotea, ziklistak gehiago baitaude gordetzeko, arriskatu eta galtzeko baino

Punch apur bat galdu du Tourrak bigarren aste honetan. Egia da ihesaldi asko eta onak egon direla egun askotan, baina sailkapen nagusiko borroka, garailea nor izango den jakiteak halako distira kendu dio Tourrari. Pogacar liderrak Mont Ventoux-en izan zuen txakalaldia oso arina izan zela geratu da argi, eta daukan errentarekin, orduan harrapatu zuenaren boskoitza harrapatzeko arriskua ere har dezake bizkar gain. Esloveniarrak bost minutuko errenta dauka Parisen maillot horia lapurtu diezaiotenekiko, eta horiek galduko balitu ere Libourneko erlojupekoan beste minutu, edo minutu eta erdia sartzeko gaitasuna du Uran, Vingegaard eta Carapaz-i. UAE ere nahiko txukun ari da bere liderra babesten, eta euren eginkizuna talde burua azken mendatera arte babestuta eramatea dela jakitun, ondo kontrola dezakete lasterketa.


Bestelako kontua izanen da podium-eko borroka. Uran, Vingegaard eta Carapaz daude gertuen. Uran dabil kontserbadoreen, larunbateko erlojupekoan ondo molda daitekeelako, baina Vingegaard ere ez da herrena, eta Ventoux-en ikusi zenagatik, igoeretan bera da indartsuena. Gehien mugitu dena Carapaz da, baina gauza ezberdin bi dira mugitzea eta mugimendu horiei esker denbora irabaztea. Ez baitu lortu Ekuadorkoak. Hirurak nahiko paretsu doaz mendian gora. Zaila dirudi O'Connor, Lutsenko, Kelderman edo Mas podiumeko borrokan sartzea, aurreko hirukoa baino ahulagoak direlako, eta Tourreko azkeneko astean denak justu antzean doazelako indarrez. Gainera, lortutakoa babesteko joera agerikoa izaten da, arriskuak hartu eta bi astetan irabazitakoa harrikara botatzeko arriskatu baino. Carapaz dagoeneko itzuli handi bateko garailea da, eta berak arriskatu behar luke gehien, ziur aski asteazkeneko etapa gaiztoan. Etzikoa etapak oso bukaera zitala dauka.


Pirinioetako hiru etapa jokatuko dira jarraian. Biharkoa ihesaldientzat da aproposa. Andorratik Frantziako Ariege aldera 30 kilometroko jaitsierarekin hasiko da, eta bidean, gero, Pirinioetan oso klasikoak diren hiru mendate, zailtasun handirik gabekoak: bigarren mailako Port eta Portet d'Aspet, eta lehen mailako Col de la Core. Saint-Gaudens-eko helmugatik gertu, 800 metroko horma bat dago, garailea erabakitzeko. Asteazkeneko etapa da denetan gogorrena, eta erabakigarriena ere bai ziur aski: Muret-Col du Portet, Saint-Lary Soulanen. Etapako lehen 115 kilometroak lauak dira, goranzko joerarekin, baina azken 50 kilometroetan infernua topatuko du tropelak. Hurrenkeran, Peyresourde (13,2 km., eta %7.2ko batez-bestekoa), Val Louron (7.4 km., %8.3ko malda), eta azkena, Tourreko mendate gaiztoena, Col du Portet. Oso garaia da, 2.215 metro, luzea, 16 kilometro bukaezin, eta batez-besteko pendiza ere oso serioa: %8.7. Triskantza handia egin dezake talderen batek Peyresourde-en gatza ematen badio tropelari. Ostegunekoak emango dio errematea. Etapa beragatik baino, neke pilaketagatik ziurrenik, Paue eta Luz Ardiden artekoak 130 kilometro eskas baititu. Bidean Tourmalet handia, eta Luz Ardiden, euskaldunon mendia! Ondoren etapa lau bat, 30 kilometroko erlojupeko laua, eta Paris.

 

SAILKAPEN NAGUSIA

1. Tadej Pogacar 62.07.18
2. Rigoberto Uran 5.18ra
3. Jonas Vingegaard 5.32ra
4. Richard Carapaz 5.33ra
5. Ben O'Connor 5.58ra
6. Wilco Kelderman 6.16ra
7. Alexey Lutsenko 7.01era
8. Enric Mas 7.11ra
9. Guillaume Martin 7.58ra
10. Pello Bilbao 10.59ra

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!