Gabonak 2020

Kontsumitzaile kritiko eta arduratsuak izan gaitezen

Erabiltzailearen aurpegia Egape ikastola 2020ko abe. 20a, 07:09

Gabonak gainean ditugu eta eta honekin gure kontsumo-ohiturak itzuli dira. Kritiko eta arduratsu jokatzeko momentua dela uste dugu.

Alde batetik, azken urteotan online erosketek gora egin dute eta egoera hau gogortu egin da Covid-19a dela eta, horrek komertzio txikietan krisi handia sortu du. Bestetik, publizitate kanpainek estereotipoz beteriko irudia islatzen dute eta ez dute laguntzen benetako berdintasuna lortzen. Argitaratzen dugun posterrak erakusten du arazo horiei aurre egin nahi diegula.

DBH 4. mailako ikasleek honako hau diote Urnietako merkataritza sustatzeko idatzi duten gutunean: “Arazo honen aurrean aurrerapauso bat ematea eskatzen dugu, hau da, komertzio txikietan erostera itzuli behar dugu, gure herriari indarra emateko.  Badakigu gero eta errazagoa bihurtzen ari dela erosketak online egitea, baina denok herriaren etorkizunean pentsatu behar dugu eta bertako produktuak erostera bultzatu.”

Egin diezaiegun kasu gure gazteei eta saia gaitezen herrian erosten; Urnietak ere bizi nahi du! Eta ondo bizi nahi du. Zain ditzagun erosteko ohiturak eta kontsumitzeko ohiturak. Oreka bila dezagun; horrela ongi jokatuko dugu.

Egia da ere komunikabide eta publizitatearen mezuak aldatzea ez dagoela gure esku, baina bai haien aurrean kritiko jokatzea.

Ikastetxetik kontsumo arduratsua egitera animatzen zaituztegu. 

EGUBERRI ON ETA URTE BERRI ON!

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!