Otsailak 11 ez da edozein egun

Erabiltzailearen aurpegia Elena Gabirondo 2021ko ots. 11a, 07:00

Gaur, otsailak 11 da. Gaur berriro ere beste egun batez zientzia egiten jarraituko da gure zentroetan. Baina gaurkoa ez da beste edozein egun bezalakoa, ez luke izan behar behintzat, gaur otsailak 11 baita, Zientziako Emakumearen eta Neskaren Nazioarteko Eguna.

Denok ezagutzen dugu gure artean irakasle edo erizain den emakumeren bat, baina ingeniaria edo zientzialaria denik? Hori zailagoa da zoritxarrez. Gure gizartean zientzian lanean ari diren emakumeen kopurua gizonezkoekin alderatuz nabarmen baxuagoa da (% 25 dira emakumezkoak) eta ez dirudi joera aldaketa handirik emango denik. Bigarren Hezkuntzan dagoen neska bati bere burua etorkizunean zientziaren munduan ikusten duen galdetuz gero % 7ak baino ez du baietz erantzungo. Zergatik gertatzen da hori? Neska eta emakumeek ez dute zientzia gustuko? Edo nolabait gizarteaz baldintzatuta bizi dira?

Izan daiteke inguruan erreferenteen falta sumatzea, izan ere, emakume zientzialaririk ezagutzen duzun galdetuko banizu, zer erantzungo zenidake? Batzuek inor ez dutela ezagutzen eta beste askok Marie Curie baino ez. Hala ere, gure inguruan uste baino emakume zientzialari gehiago daude, horietako batzuk María Blasco, Montserrat Calleja, Rosa Menéndez, Alicia Calderón, eta Elena García Armada izango lirateke, baita isilpean egunero lan egiten duten beste asko eta asko ere.

Batzuk izanda ere, gizonezkoekin alderatuz gutxi gara, baina errefortzuen zain gaude. Neska, ez ahaztu zientzia gurea ere badela eta zientziak gure bihotz eta buruak ere behar dituela aurrera egiteko. Beraz, gustuko baduzu zientzia zatoz egunero mundu honetan murgiltzen garenokin batera, ez dut dudarik zientziak eta komunitate guztiak, kontziente izan gabe ere, zure laguntza sumatuko duela!

Egun zoriontsua opa dizut emakume zientzialari eta baita zuri ere, zientziari ekiteko ametsa duzun neska!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!