Fleming Herri Eskola 'First Lego League Euskadi' topaketen finalean

Erabiltzailearen aurpegia Fleming Herri Eskola 2020ko ots. 14a, 11:36

Aurtengo ikasturtean Fleming Herri Eskolan STEAM proiektuaren aldeko apustua egin dugu. Proiektu horrek bere gain hartzen ditu zientzia, teknologia, ingeniaritza, artea eta matematiken lanketa. Guzti hori modu dibertigarrian egiteko First Legorena aukera bikaina iruditu zitzaigun eta eskola komunitate guztiaren inplikazioarekin horretan ari gara buru-belarri.

Ilusioz ekin diogu proiektu berri horri eta ilusio horrek bultzatuta ikasturte hasieran First Lego League topaketan parte hartzea erabaki genuen. Denbora tarte horretan, gure proiektua prestatzen aritu gara talde lana, inklusioa, sormena, konpromisoa eta berrikuntza baloreak bultzatuz.

4 hilabeteko lanaren emaitza aurkezteko aukera izan genuen otsailaren 8an eta gure artean urduritasuna sumatu zitekeela ukatu ezin badugu ere, egun zoragarria izan zen. Gure ikasleek, hiru taldetan, proiektu ederrak aurkezteaz gain, horiek jendaurrean aurkezteko gaitasuna soberan dutela erakutsi ziguten. Bejondeizuela!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!