Aiztondoko Santa Eskea, sarean

Erabiltzailearen aurpegia Harituz Bertsozale Taldea 2021ko ots. 4a, 12:45

Egitasmoak herritik eta herriarentzat sortua izan nahi zuen eta hala izaten ari da.

Harituz Tolosaldeko Bertsozale Taldeak Tolosaldeko Santa Eskea 2021 egitasmoa martxan jarri du aurten, ohitura zaharrari urtero moduan eustea ezinezkoa izanagatik, usadioari eutsi ahal izateko. Horretarako, eskualdeko bertsozale eta kulturgileen bideoak jaso eta editatu dituzte, egun berezia modu berezian ospatzeko. Hogeita hamar koplari baino gehiago, hogeita bat herri, lau bideo, bi trikitilari eta abesbatza bat. Tartean, Aiztondoko jendeak ere parte hartu du egitasmoan eta Harituzek bideo batean bildu ditu haien kopla guztiak.

Bideoak grabatuz parte hartu duen jendearen artean, bertsozaleak, trikitilariak, bertso eskoletako ikasleak, inoiz edo behin koplaren bat edo beste abestu dutenak eta koplarik abesten ez dakitenak ere badaudela azpimarratu dute antolatzaileek: “Ikaztegietako Abesbatzak esaterako, koplarik sortzen ez dakitela eta, ea beraiek egun horretarako sortuta daukaten abestia bidal al zezaketen galdegin digute. Gure erantzuna, baiezkoa, noski! Egitasmoak herritik eta herriarentzat sortua izan nahi zuen eta hala izaten ari da.”

Harituz Tolosaldeko Bertsozale Taldeak eskerrak eman nahi izan dizkie parte hartu duten herritar guztiei eta bideoan trikitixa jotzen ageri den Xanti Azurmendiri −ez baitzaio irudian aurpegirik ikusten. Santa Eske egunerako prestatutako bideoak egun osoan zehar sare sozialetan bolo-bolo ibiltzea espero dute.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!