Zorionak emakume* baserritarrei!

Erabiltzailearen aurpegia Lurgatz 2020ko api. 22a, 09:00
Martxoaren 24an egin zen baserritarren azoka Villabonan.

Apirilaren 22a Lurraren Eguna izanik eta duela gutxi baserritarrek azokak egiteko debekuaren aurrean izan zenuten garaipena medio, burura datorkigun lehena emakume* baserritarrak zoriontzea da, nahiz eta Emakume Baserritarraren Eguna urriaren 15ean izan. Noski, besteren artean, ez dira arrazoi bakarrak eta gehiago aipatuko ditugu.

Lehenik eta behin, bizitza erdigunean jartzen dugun momentutik, aintzatespen gabe jarraitzen duten zaintzako langileak goraipatzeaz gain, ezinbestekoa deritzogu emakume* baserritarra aitortzea. Sistema kapitalista honetan baserritarra azken lerroan baldin badago, emakumea* bazara oraindik eta latzago: lurrak eskuratzeko zailtasun gehiago, lurralde batzuetan indarkeria jasateraino; gutxietsia izatea; ahots propioaren falta…

Horren aurrean, indartsu dirauzue sektorea maskulinizatua eta zaharkitua dagoela diozuen emakume* baserritar feministok, erronka nagusietako bat ahalduntzea duzuela azpimarratuz.

Bigarrenik, ekonomia gora ekonomia bera dabiltza gure politikariak. Baina zer da ekonomia? Ekonomia diogunean pertsonak etorri behar zaizkigu burura eta ez merkatua. Baina ez da horrela eta gainera, entzun egin behar azokak debekatzen ibilitako EAJko Legebiltzarkideetako bati, Joseba Egibarri: “Euskal Sistema eta instituzioen erantzuna bikaina izan da”.

Horren aurrean, aipatzen ari garen beharrez nork hobeto jakingo pertsonen zaintzaz gehien arduratzen garen emakumeok* baino. Ikusi besterik ez da, Euskal Herritik haratago, beste hainbat landa eremuetako emakumeek* zer nola zaintzen dituzuen lurrak. Esaterako, enpresa multinazional estraktibistak lurrak bereganatzeko tratu eskean joaten zaizkizuenean, ez dute zuekin* hitz egin nahi izaten, zail baitute adostasun batetara iristea. Gizonekin, ordea, errazago suertatzen zaie.

Hirugarrenik, tanatopolitika bultzatzen duten hainbat politikarik bizi dugun ekonomia kapitalista indartzeko Merkataritza Askeko Nazioarteko Itunak azpimarratu ohi dituzte herritarron onurarako balira bezala. Hori herritarrei aurpegira barre egitea dela deritzogu, zeren ikusi besterik ez ditugu dagoeneko martxan dauden ereduak. Esaterako, Ipar Ameriketan hitzartu zuten NAFTA (orain eguneratuta T-MEC) itunaren bidez, Mexikon arto transgenikoak neurriz kanpo txertatzeko bidea ireki zuten eta bertako nekazariei kalte izugarriak eragin zizkizuten.

Tratatu horren aurrean, emakumeak* zer esan handia izan du. Adibidez, landa eremuetako emakumeengandik* hasita, beste hainbat eremutakoekin batera, Ameriketan ezarri nahi izan zuten ALCA itunaren aurkako mugimenduan aurre hartu zutenak izan zineten; baita geratzea lortu ere.

Argi dugu beraz, ez dugula bizi dugun ekonomia eredua nahi eta zuen ekarpenak medio, ekonomia lokala nahi dugula. Egoera okerrenean, momentu honetan eskuartean ditugun baliabide eskasen aurrean, behar unibertsalak asetzeko herrien arteko merkataritza hitzarmen solidarioak exijitzen ditugu.

Hala ere, onartu beharra dugu herritarrok mugitu ezean bere horretan edo okerrago jarraituko dugula eskuartean dugun ereduarekin. Esaterako, Arantxa Tapiaren hitzetan, AHT “interes orokorreko azpiegitura bat” da eta lehentasunetan “aurrenekoen” artean egoten jarraituko duela dio. Guk ez dugu lurren txikizio gehiagorik nahi eta Proiektu Handi Inutil eta Inposatuak geratzearekin batera, diru publikoak lehen sektorera bideratzea nahi dugu.

Orain, herritarron konpromisoak ezinbestekoak zaizkigu (hausnarketarako adibideak Bizi! Mugimenduak aipaturiko 40 ekintzetan edo Lurralde Askeak kaleratu zuen Ongi bizitzeko 100 konpromiso liburuan topa ditzakegu). Ari gara pausoak ematen zer nahi dugun zehaztuz eta jarraitu dezagun sakontzen nola lortu aztertuz. Gainera, uste duguna baino botere handiagoa dugula deritzogu zeren gure poltsikoen mugimenduen arabera ibiliko baitira boterea duten korporazio multinazionalak, hau da, erosleok erabakitzen dugu azokan zuei erosi edo enpresa handien supermerkatuetara joan.

Beraz, lurrak zein pertsonok bizirik irauteko, Gramsci italiar filosofoak aipatzen zituen munstroei aurre egin behar diegu: “Mundu zaharra hiltzen da, eta herriari jaiotzea kostatzen zaio, non argi-ilun horretan jaiotzen diren munstro guztiak.” Horretarako, tresnak geureganatu behar ditugu eta burujabetza sustatu.

Ezinbestekoak zaituztegu eta ondoan izango gaituzue.

Zorionak eta eskerrik asko zuen ekarpenengatik!

Aiztondoko Mugimendu Feminista
Tolosaldeko Asanblada Feminista
Oneka
Lurgatz Talde Feminista

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!