... gidari

Erabiltzailearen aurpegia
Šistockphot

[IPUINA]

Eguzkiaren izpi xume batzuek, jostari, goizaren argia ekarri dute nire gelaraino. Egun berria dela adierazi didate, irekitzeko prest dagoen oparia balitz bezala.

Heldu da azkenik eguna. Nire lehen audizio publikoa. Arreta gehien eskatzen didaten obren errepasoa egin dut. Pieza baten doinuaren zati txikia isilean abestu eta pianoaren aurrean eseri naiz. Akorde batzuk jo ditut, jarraian esaldi pare bat garatu eta ezkerreko eskua gehitu diot, doinuaren laguntza osatzeko. Interpretazioa zuzena izan dela jabetzean, baita sentimendua eta aiurria zerizkiona ere, lasai hartu dut arnasa. Pianoaren estalkia itxi dut eta, horrela, azken hilabete hauetan egunero ariketa-lagunik zintzoena izan dudanari agur esan diot.

Kontzertuko emanaldiaren lekura bertaratu naiz: jauregitxo bat, eraikin apaina eta dotorea, bi dorre txikik albo banatan zainduta; ondoan, badiaren edertasun aparta nagusitzen zen hondartzaren uztai urrekarak bilduta. Jauregiko eskailerak igo eta etxe barruan leihotik kanpora so egin dut. Eraikinaren sarreran hainbat lagunek ehun-zango batena dirudien ilara luzea osatzen dute eta haien arteko puntu batean antzeman dut bere zango pareari ozta-ozta zutik eusten diona. Bera da; ni leihoan ikusi orduko agurtu egin nau eta bi erpuruak gorantz tente jarrita zortea opatu dit. Orduantxe zabaldu dituzte etxearen ateak eta zomorroak, bere ehun hankako pare guztiekin, bere burua sarreraren ahutzek irents zezaten utzi du, banan-banan lagun guztiak.

Heldu da unea. Urduri nago, esku dardartiak eskuzapitxo batzuez lehortzen saiatu naiz. Nire aurrean, auditorioa, gelan nagusitzen den isats luzeko piano dotorearekin. Ikarak nire bizkarra bortitz astintzen du. Beldurrak jota nago. Nire arnasketa azkarra da, gero eta azkarragoa. Ahots batek jarraian jo behar dudan pieza ezagutzera eman du... Chopinen nokturno bat. Nire bihotzaren taupadak gero eta biziagoak dira. Baina agertokira aurreratu eta publikoa agurtu egin dut, bertaratuek txalo-zaparrada beroa eskaini didate. Arnasa sakon hartu, lasai eseri, eta eserlekuaren altuera egokitu ondoren neure burua hasteko prest dago. Ezkerreko oinpekoa sakatu pianissimo kutsua lortzeko eta jotzeari ekin diot. Musikaren neurria gidari, nire eskuak joan-etorrian dabiltza teklak laztanduz, publikoaren txalo-zartaren oihartzuna gidari, jendearen arteko maitasun begirada gidari.

 

 

(100 razones para amar San Sebastián bilduman argitaratua). Egileak euskaratua

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!