Tonalitate aldaketa

Erabiltzailearen aurpegia
Cuadro de Urgull, Didier Petit de Meurville (1857-1872 artean).

Horia, urdina, gorria... olio, pastel, akuarela... espatula, pintzel, brotxa... Edozein kolore, teknika, bide... artelan bihurtzen zuen. Bere erretina bildu ezinak ziruditen uneak harrapatzeko gauza zen. Donostiako Zurriolako ibilbide nagusian antolaturiko erakusketa izan zen, zalantzarik gabe, bere arrakastarik handiena, hondartzan birrintzen ziren olatuen eta ikusleen joan-etorriaren arteko sinbiosi erabatekoa, bere sormena biziberritu eta bultzatzeko herrikideen benetako indar olatuak.

Goiz batez margolaria hondartzara jaitsi zen. Paleta eskuan heldu, olio-hoditxoak hustu eta bat-batean kolore biziko mosaikoa marraztu zuen. Pintzela eskuan, koloreak nahastu eta mihise guztiz zuria zauritu zuen. Zerumugatik oihalera zebilen iraganean. Paletatik mihisera hegan eginez. Pintzel bat irristatu eta jasotzeko makurtzerakoan zorabiatu egin zen. Margotzen jarraitu zuen baina ia ezin zuen begirada zuzen finkatu. Hodeiak mugitzen zitzaizkion, itsasoak indarrez hartzen zuen mendia, bere ingurumari osoa aztoratu eta nahastu egiten zen, eta mila koloreko collage bat lehertu zen bere buruan. Zerbaiti heldu nahian, mihise-asto, margolari, paleta... bata bestearen jarraian jausi ziren, domino baten antzera, hondarretan iragarpen izugarri baten zantzua marraztuz.

Orduz gero denbora luze joan zen etsi eta onartu arte behin betikoz gau luzean biziko zena, bere begiek ezingo zutela berriro argiaz eta koloreaz gozatu. Bazuen baina beste zentzumenik, eta besterik baliatu beharko zuen errealitateaz jabetzeko. Zaletasun izandako biolina jotzeari ekin zion berriro. Zurezko tresnaren azal bihurria ukitu zuen eta bere sokak laztandu. Arkuaren luzera haztatu, biolina sorbalda gainean ipini eta kokotsa ertzean finkatu zuen. Bere behatzek hainbat soka zanpatu zuten eta arkua hegan egiten utzi zuen. Soinua zezel sortu zen, baina etsi ordez, gogoan hartu zuen: "Nahastu, egizu froga... margotzen bezala". Adore hartuz, notak dantzan hasi ziren: blues melodia tristea... itsasoaren urdina... Sonata alaia... liliz eta bioletaz beteriko belazeak... Olatuak hondarretan bare birrintzen, ahaztutako soinuak berriro indartsu gogoan, sinbiosi berria, topo egiteko leku berria...

Bere aurpegian irribarrea hasperendu zen... kolorea, nota bakoitzaren argia... soinuek konposizio berri bat marrazten zuten bere bizitzan... horia, urdina, gorria...

(100 razones para amar San Sebastián bilduman argitaratua). Egileak euskaratua

"Existentzia minorrak" diskoaren lehenengo pieza.

  • Egilea: Joserra Senperena.
  • Donostiako Victoria Eugenia Clubean grabatua 2019ko maiatzaren 18an.
  • Soinu teknikaria: Haritz Harreguy.
  • Bideoa: Zazpi t'erdi.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!