Udaberria, uda, udazkena...

Erabiltzailearen aurpegia

Paretako erlojuari giltza eman zion. Ezpain-margo bi ukitu. Eskumuturretan perfume tanta banak eta beste bost usain-perlatxok bere bularburuko lepoko lurrintsua jantzi zuten.

Ispiluari begira bere ile zuri eta hanpatua konpondu zuen: lokietakoa, kopeta-ilea, garondokoa. Jakaren laugarren eta azken botoia. Bederatzi kanpai-danbada. Elizaren erlojuak hamargarrena jo zuenean, Begoñak etxeko atea itxi eta giltzari eragin zion, bi aldiz biraraziz. Igogailuaren botoia sakatu zuen eta bost argitxo piztu eta itzali ziren, bata bestearen jarraian, hurrenkera-txanda zehatz baten arabera. Astindu xume batek bebarruko helmuga iragarri zuen. Atarira ailegatzeko zortzi maila jaitsi ondoren, Begoñak sarreran zegoen buzoian begiratu eta oin bat luzatu zuen kalerantz. Ezker-eskuin begiratu, bere buruak ekialde-mendebalderunzko mugimendua errepikatu zuen eta gogoeta-kulunkan hasi zen: "ez dakit... ez dakit..." apirileko goiz hartako bufada epelak errealitatera besarkatu zuen arte. Eguzkitako betaurrekoak jantzi eta Begoñaren itzala jendetzan barrena galdu zen.

****

Paretako erlojuari giltza eman zion. Berehalakoan Begoñak kanpotik zetorren kanpai hots zorrotza entzun zuen. Soinu horrek bazkaria prestatzeko ordua zela adierazten zion. Sukaldera joan eta eltzea atera zuen armairutik. Erdiraino urez bete eta sutan jarri zuen. Eltzearen ipurdi-ertzetik gorako sugar urdintxoen ñirñirrei begira eta uraren borbor-dantza eta hotsen liluraz, guztiz moteldu zen. Orduantxe, ate joka somatu zuen.

Kaixo, laztana! Ha zer sorpresa zu etortzea!

Baina zerorrek gonbidatu nauzu-eta bazkaltzera...

A, bai? Sartu, sartu... Hau beroa! Aspaldi ez genuen horrelako bero sargoririk abuztuan, ene!

Sukaldean sartu zirenerako ur irakina borbor-gainezka hasita zegoen eltzean. Bere alabak, kezkatuta, laguntza eskaini zion bazkaria prestatzeko.

Hartu, laztana, gazta pixka bat makarroiak alaitzeko...

Txantxarik ez gaztarekin, ama! Gorroto dut gazta, badakizu...

Gaztak nazka... baina ez al zen zure anaia... Tira, tira! Ezer ez...

****

Paretako erlojuari giltza eman zion. Begoñak, leihotik kanpora begira, alboko zuhaitzak azken bi hostoak galduz nola erortzen ziren so egin zion, kalea estaltzen zuen alfonbra okrearen marrazkian bat egiteraino. Bere bizilagunak egongelako mahaitxoaren gainean infusioa utzi eta pianoaren estalkia zabaldu zuen.

Begoña, aspaldi ez dizut entzun. Tira ba! Tresna eder hau ez ahal da desafinatuko!

Begoñak bere partiturak hartu eta aukeran hasi zen, aulkian eseri eta bi orri atrilean ipini zituen. Aurrera so egin eta kopeta ilundu zuen. Hasperen. Ezkerreko eskuak iztarraren gainean atseden hartzen zuen bitartean, eskuinekoak teklatuaren gainean zintzilik zirauen, jotzen hasteko prest. Abestiari leun ekin zion, hainbat ataletan zalantzak ageri zituen, baina jarraitu zuen, ausart, notaz nota, esaldiz esaldi.

Zoragarria, Begoña! Zure adinarekin eta oraindik pianoa jotzen... eta horren dotore!!!

Bizilaguna joan zenean, Begoña pianoaren aurrean eseri zen eta partitura mesfidantzaz begiratu zuen. Paperean idatzita zegoenari so eginez, bere gogoa hunkitzen zuen ñabardura eta kolorez beteriko abesti ederra irakurtzen zuen, baina bere eskuak teklatuaren gainean jarri orduko partitura horren idazkera puntu, marra eta ikur arrotzez betetako zirriborro ulertezina bihurtu zen. Hala ere, bere bizilagunaren aurrean jo zuen obra horretako aurreneko akordeei heldu zien berriz ere, Beethoven-en "Elisarentzat", baina oraingoan konpas gutxi batzuk besterik ez zuen aurreratzerik izan. Bere begiak behin eta berriro 88 teklatan barrena zebiltzan, gora eta behera, irribarre txuribeltz hari izuz begira, barre nola zegion so. Begoñaren burua huts-hutsik gelditu zen, zuri-zuri, bere hatz erakusleak tekla zuri bat sakatu zuen, eta musika eskalaren lehen notak, Dok, Begoñaren baitan jo zuen, oihartzun eginez, kanpai-danbada soila, epaile-mailu baten "ez" danbatekoa bezala.

****

Paretako erlojuari giltza eman zion. Begoña dagoeneko gosalduta, jantzi eta ateratzeko prest zegoen. Goizeroko errituala errepikatu eta pentsakor geratu zen: ezpain-margoa, perfumea... zer gehiago? Txirrin ozen batek bere ametsetik atera zuen. Zein ote zen? Altxa eta aterantz jo zuen.

Kaixo, seme! Ha zer sorpresa! Ez nuen zure bisita espero!

Baina bart hots egin nizun telefonoz... Ama, despitatu xamar zalbiltza... Ez itxi atea, orain igoko da...

Begoñak atea itxi zuen. Bere semeak lepokoa kendu eta eskuak, hotzak hartuta, bata bestearekin igurtzi zituen. Pasilloa zeharkatzean Begoña erlojuaren aurrean gelditu zen.

Zergatik eragiten diozu giltza erloju zahar horri? Hilabeteak dira ez dabilela...

Berriro jo zuten atea.

Ene! Zein mutil guapoa! Nola duzu izena, maitia? —galdetu zion Begoñak bere bilobari, atzenduriko begirada samur batez so zegion bitartean...

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!