Hegalik gabe hegan

Erabiltzailearen aurpegia
Plastikozko poltsa American Beauty filmean

Etzanda, kaleko hotzaren zoruan atseden hartzen du. Egunsentiko iluntasunaren babesean, inoren susmopetik ezkutuan, inoren begiradaren itzaletan. Baina bera dago. Bera bertan dago. Besteak bertan dagoela ikusi egin du. Geldirik dago, kaleak bezain isil, eraikinekin batera lo egiten, hiriaren lasaitasuna arnastuz.

Izpi lotsati batek ortzadar-koloreko printza marrazten du bera etzanda dagoen espaloian. Besteak berari begira jarraitzen du. Argia kaleetan barrena ihaurritzen da, etxeetako hormen artean korrika dabil, teilatuetara igo, leihoetatik sartu eta egun berri bat pizten du hirian. Bera, etzanda, geldirik, inguruan gertatzen den ikuskizunari kasorik egin gabe. Besteak, aldameneko eserleku batean eserita jarraitzen du.

Bere aurretik pasatzen diren oinek ez diote berari erreparatzen. Baina pausu horien gorabeherak haize leuna altxa du eta bera, poliki-poliki, nagiak atera, mugitzen hasi da, presarik gabe. Esnatu duen haize hori arnastu egin du eta bere kemenak bultzatuta, lurretik altxa da. Espaloia agurtu ondoren utzi eta banku batera hurbiltzen da, aurreko gauetik bestea eserita egon den eserlekura. Bera bestearen ondoan dago, une labur bat besterik ez; besteak bere eskua luzatzen dio, estutzeko asmoz, baina haize epel baten boladak bultzata gora jotzen du, egun berri baten halabeharrari heldu nahian. Bera, izate osoa indar horretaz puzturik, parkera barruratzen da: txirrista jaitsi, kolunpioetan kulunkatu, hondarrarekin jolastu...

Besteak atzetik bere bidea jarraitzen du, bere mugimendu guztiak aztertzen: mugimendu fin eta xeheak batzuetan, zakar eta indartsuak bestetan... Putz berri batek jotzen du eta berak bere bidea jarraitzen du. Kale bat zeharkatu, zubi bat saihestu, farola batekin dantzatu... Txakur baten ondoan ibili da, ikasle bat aurreratzeko nahian pausua bizkortu du, iturri baten ondoan gelditu da... Eta bestea beti hor, gertu, zaindari, bere itzalaren zelatari. Haizearen xuxurla belarrietan dario eta berak, zirraratuta, pausua azkartu du, korrika, aurrera beti, korrika eta dantzan; eskailera maila batzuk igo eta salto egiten du, eta batera eta bestera itzulinguruka, eta berriro ere jauzi eta... hegan egiten du... Bestea, atzetik korrika doakio, oinezkoen buruez gaindi so egiten, bere itzalaren gainean jirabiraka, ingurura begira, etxarte batera barruratzen da, burdin sarea irekitzen du... berak ihes egin du, joan da, desagertu da... Besteak, zeruari begira, bere arrangura leporatzen dio, eta orduan han ikusten du, goian... gora eta goraka doala eraikin luzearen goikalderantz, garaile...

Berak hegan jarraitzen du… arin, sotil, mehe… baina bere mugimenduak ausart, azkar, bizkorrak dira. Bere izate osoa, lau haizeetara murgilduta, gas izaera horretan itotzen utzi du. Eguzkiak bere aurpegia hainbat kolorez margotzen du eta berak, pinpirin, bere buruari so egiten dio, ispilu bihurtu zaion bigarren solairuko fatxadako leihoan bere irudi apaina arakatuz. Eta gorako ibilbidean jarraitzen du, beti gora, beti igoz...

Besteak, irribarretsu, bere jauzien joanetorriekin batera mugitzen du burua: zeharkako igoera, ezkerraldera biraketa azkarra, alboko kolpe mehea, olatu bihurria… baina… zerbait gertatu da, bera gehitxo hurbildu deneko etxe-kantoiko erpin zorrotzak zauritu egin du, zarrastatu… eta, urraturik, erori eta suntsitu egin da, bestearen ondoan lur jotzeraino, lurraren aurrean amore emanez, etsita. Bestea, geldirik, bera bezain bare, berari so egiten, bere begiek jaikitzeko erregu umila eginez baina, azkenik, bere besoetara bilduz askatzen du lurzoruaren ankertasunetik.

Kontu handiz, arretaz, bera bezain xume den keinua eginez hartzen du. Bera besartean babestuz lehen aldiz ikusi zuen lekura eraman du. Banku berean eseri da eta bera, berriz, bere izate mehar osoan espaloian luze-zabal datza. Bestea bere arnas entzunezina sumatzen saiatzen da; berak, ordea, bertan jarraitzen du, geldirik, geldo. Haize bolada batek iluntasuna dakar arratsera eta berak bere gorputz-adarrak agur kemenez astinduz aharrausi ozena egin eta, azken hatsa botatzearekin bat jausi egin da, jota... hilda.

Besteak dena ulertu du, atseden hartzen utzi du bere silueta miatuz, bere zauria laztanduz, bere azala urratuta... bera ez da berriro altxako, ez da ibiliko, ez du hegan egingo. Ez du puztuko goizeko haizekirriak, ez du kaleetan barrena korrikarik egingo, ez da kolunpioetan zabuka jolastuko, ezingo ditu bere heldulekuak lau haizeetara hedatu, ezta bere plastikozko gorputza arratsaldeko haizea arnastuz bete ere... bere larruazala zimeldu egin da, dizdira galdu du... eta bere hegalak hautsi egin dira, dagoeneko ezin du hegan egin. Bera lehen izandakoa izango da berriro... bestea, lehen izandakoa izango da ostera ere... Baina ordu gutxi batzuetan bera aske eta ausarta izan zen, eder eta adoretsu. Egun oso horretan besteak plastikozko poltsetan zakarra baino gehiago aurkitu zuen. Berak poltsa arrunta izateari utzi zion... besteak, txiroa zela ahaztu zuen eta ilusioz beteriko haurra izan zen... kometa zoragarri horren atzean.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!