"Gehiegi luzatuko ginateke"

Erabiltzailearen aurpegia

Tituluko hitz horiek laburtzen dute Andoaingo alkateak euskarari ematen dion garrantzia. Era berean – paradoxikoki – gure hizkuntzari egindako eraso hori izan zen Maider Lainez-ek bere lehen legealdiko aurreneko udalbatzan euskarari egin zion ekarpen bakarra. Arrazoia: udalbatza herritar guztiek ulertu behar dutela eta diskurtsoa elebitan egin ezkero gehiegi luzatuko ginatekeela.

Ez naiz inolako aditua alor horretan, ezta gutxiagorik ere, baina badakit gure herrian euskara ofiziala izate hutsak ez duela ez erabilera, ez biziraupena ziurtatzen, eta hori kaleetan argi ikusten da. Horren arrazoietako bat, egunerokotasunean hizkuntza hau erabiltzeko daukagun behar urria da, inplizituki Lainezen hitzetan agertzen den bezala: euskaraz badakit eta interbentzioa euskaraz ala elebitan egin nezake, baina andoaindar denek ulertzeko… zergatik galdu denbora?

Bada bai, horrelako jokaerak dira, hain juxtu, euskarari inportantzia kentzen diotenak. Eta noski, hizkuntza batek gaitasun instituzionala edota legala galtzen badu bere erabileraren zergati komunikatzailea ezerezean gelditzen da. Jakina, horrela hizkuntza bat putzura doa zuzenean. Hori dela eta, uste dut funtsezkoa dela Andoaingo zein Euskal Herriko udaletan euskararen aldeko apustu garbiak egiten hastea, lege-jartzaileetatik hasten baita benetan lengoaia bat nahitaezko bilakatzen.

Horrekin esan nahi dut, iritzi dudala, Andoaingo udal-ekimenek euskara izan behar dutela ardatz eta xede; ez, aldiz, herritar guztien ulermena edota diskurtsoaren elebitasunak. Azken finean, hitzak espainolez egin edo elebitan egin, emaitza berbera da: hots, inork ez du ikusiko euskararen beharra, denek baitakite espainola. Helburuak, ordea, bestelakoa behar du: euskaraz ez dakitenek hitzaldiak ez ulertzea eta, horrela, euskara ulertzeko eta ikasteko beharra sumatzea. Hori eginda, euskararen ofizialtasuna behingoz praktikan jarri eta benetan elebidun den herri bat –non bertako biztanle denak gai diren bi hizkuntzetan– sortzeari ekingo genioke. Gainera, batzuek kontrakoa esango badute ere, espainolak ez luke bere ofizialtasuna, garrantzia eta erabilera galduko, tamalez Españaren eta bere erakunde catellano-hablanteen menpeko izaten jarraitzen baitugu.

Esanak esanda, argi daukat, euskarak izan behar duela gure herriko oinarri sendo eta helburu baten pean herritar guztiok batzeko erreminta. Gure herriko udala bezalako espazio txikiak, bere osotasunean euskarari eskaini ezean, gehiegi luzatuko ginateke Andoain bezalako herriak euskalduntzen eta kohesionatzen.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!