Gazte eguneko gertakaria bi hitzetan

Erabiltzailearen aurpegia

Larunbata zen, larunbat berezia niretzat. Udaratik prestatzen genbiltzan Gazte Eguna ailegatu zen. Urtero lez, festa giroan guretzat garrantzizkoak diren kontu politikoak salatu nahi genituen. Halere, niretzat, une horretan sentitzen nuen satisfazio itzela zen garrantzitsuena.

Izan ere, niri eta nire kideei eguna antolatzeak kendu zigun energia guztiak merezi izan zuela ikusten nuen: gazte denok ederto pasatzen genbiltzan eta "Denak Herrian" leloak Andoaien gutxitan presentziatzen den talde izaera sortu zuen. “Joder, kostata, baina lortu dugu!” esaten nion nire buruari.

Lan asko eskatu zigun egitaraua antolatzeak, guztion lana ezinbestekoa izan zen, baina kide baten ekina azpimarratuko nuke gaurkoan: honek, udaletxera “hamaika” bider joan behar izan zuen eskaerak egin; baimen guztiak sinatu eta halakoak egitera. Ez dakit zehatz zenbat buelta emango zituen udalera.

Lagun horri esker, gazte eguna egiteko herriko karrikak erabil genitzakeen, baina bat batean, elektrotxarangaren musikapean dantzan genbiltzala, udaltzaingoak giroa isildu eta gelditu zuen. Zirudienez, bizilagun bat kexatu zen, molestatuta bizi bazara ulergarria den kontua, baina guk baimen guztiak geneuzkan. Udaltzaingoak ordea, ez zeukan horren berri.Udaltzainek, une horretan beren lana egin zuten eta baimenak eskatu zizkiguten. Noski, gu festan genbiltzan, ez generamatzan paperak gainean eta une horretan musikariekin gaztetxean zegoen kideak ekarri zuen udaletxean eman ziguten gordekina, baina paper hori eskaria omen zen eta ez baimena. “Engainatu egin gaituzte?” pentsatu genuen.

Tamalez, egoera horrek, beharrezkoa ez zen tentsioa eragin zuen, bai gure aldetik eta baita udaltzainen partetik ere. Izan ere, lehen aipatutako kideak bere lana hutsala izan zela sentitu zuen une batez. Gainera, bere erruz-edo (hala ez bazen ere) eguneko arrastia zapuztu zitekeela pentsa zezakeen. Baina arratsaldea berari izorratu zitzaion.

Momentu horretan ordea, zerbitzuz kanpo zegoen udaltzain bat azaldu zen. Honek alkateari deitu zion. Zirudienez, alkateak ere ez zeukan Gazte Egunaren berri. Alkateak, beraz, baimenen kontua daraman kontzejalari – hau EAJkoa – hots egin behar izan zion. Eta bai, baimen osoa geneukan kaleetan gure eguna, gazteon eguna, herri osoarekin ospatzeko.

Arazoa konponduta beraz. Hori bai, egoera honek gogoetak sortu dizkit:

Zein zaila den eta zenbat  lan eskatzen duen herriari bizipoz apur bat emateak; baina, era berean, zein erraza den talde-ilusio osoz egindako ekimen ireki bat zapuztea. Zein erraz izorratu dakiokeen ekintza batek, pertsona bati bere arrastia; zein zaila den beraz, egun osoa lasai eta arazo barik pasatzea. Baina, izatez, zein erraza izan zen soluzioa: bi dei eta bi hitz.

Agian udal gobernua osatzen dutenek alderdikeriak utzi eta komunikazio zein prebentzio apur batez ibiliko balira; enteratuko balira, gutxienez, herrian egiten diren ekintzen nolakotasunaz; komunikatuko balira, bi hitzetan horrelako tentsio egoerak ekidingo lirateke eta, noski, herritarrok lasaiago biziko ginateke. Azken finean, zortea izan genuen eta bizi izan ziren urduritasun uneek ez zuten gertakari larriagorik ekarri. Alderantziz ere gerta zitekeen ordea, eta eguna benetan zapuztu. Zorionez festak aurrera jarraitu zuen eta dena pasadizo batean gelditu da.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!